naiz

Feministek zaintza krisiari heldu diote, Lakuako eta Nafarroako gobernuetako kiderik gabe

Mugimendu Feministak apirilaren 6an egin zuten osasun-krisiak areagotutako zaintza krisiari aurre egiteko lan mahai teknikoaren bigarren bilera. Azkenengo topaketa honetara, hainbat kolektibo, alderdi politiko eta gizarte mugimendu batu ziren arren, EAEko eta Nafarroako gobernuetako ordezkariak ez ziren agertu, koordinadorak eskatuta ere.

Donostiako erresidentzietako langileen zaintzaren aldeko martxa. (@erresidentziak)
Donostiako erresidentzietako langileen zaintzaren aldeko martxa. (@erresidentziak)

Gobernuetako ordezkaririk gabe ere, astelehenean bigarrengoz bildu zen mahaia, eta koordinadora feministak 25 talde feminista baino gehiagok bideratutako informazioa biltzen duen dokumentu bat aurkeztu zuen. Batik bat, alarma-egoeran sortutako larrialdi- eta zaurgarritasun-egoeren diagnostikoa eta egoera horiek konpontzeko eskariak jasotzen ditu dokumentuak.

Bestetik, eskari horiek «bideratu eta martxan jartzeko» deia egin zieten mahaiko partaideei.

Zaintzaren krisiari aurre egiteko lan mahai teknikoa bi helbururekin sortu zuen Euskal Herriko mugimendu feministak; batetik, mugimenduaren baitan aldarrikapen feministak bildu eta diskurtso kolektiboa zein mobilizazioa sortzeko, eta, bestetik, eragile anitzekin artikulazioa zabaltzeko, intzidentzia handiagoa lortzeko asmoz.

«Guretzat, eragileen mahaia funtsezko espazioa da egindako lana bideratzeko eta intzidentzia bateratu bat sustatzeko. Beraz, joan den asteleheneko bilerako ekarpen guztiak bildu eta hurrengo urratsak zehazten jarraituko dugu intzidentzia estrategia feminista batera bidean», argitu du koordinadora feministak ohar baten bidez.

Mahaikideentzat «ezinbestekoa» da prozesu kolektibo bat ireki eta talde feministen artikulazioa hauspotzea, pandemiaren osteko egoerak ekarriko dituen erronkei begira mugimendu feminista «mobilizaziorako eta interlokuziorako aktorea» izan dadin eta «errekuperazio-neurriak bizitzaren eta pertsonen zaintzan zentratu daitezen, eta ez etekinen metaketa amaigabean, doako lanaren, lan prekarioaren eta emakumeen ondoezaren kontura».