Sakonean
Katixa Agirre: ‘Koarentena’
KOARENTENA

Koronabirusak behartuta konfinaturik gaude etxean. Horregatik, GARA eta NAIZ bestelako mami batzuk eskaintzen saiatzen ari dira; honako honetan, literaturaren eskutik. Lau ataletan, Katixa Agirre idazlearen “Koarentena” idazlana argitaratuko dugu gaurtik aurrera.

Katixa AGIRRE|GARA
0409_eg_katixa

Bere amarekin lo egiten duen hogeita bederatzi urteko emakume bat naiz. Hogeita bederatzi esan dut, eta ez bederatzi. Ez dut inor tronpatzerik nahi. Bere amaren aldakari lotuta lokartzen den emakume heldu eta osasuntsu bat naiz.

Hori naiz ni.

Zazpi urte daramatza amak irla honetan eta sekula ez naiz hain luzaroan bisitari gisa bere etxean geratu. Orain arte, sekula ez dut berarekin lo egin. Ohe berean, esan nahi dut. Bost urte bete nituenetik, esan nahi dut.

Lehenengo gauean gertatu zen, lehenengo ekaitzarekin batera. Egongelako sofa-ohean begirik bildu ezinik, edozer txorakeria etortzen zaizu burura. Buruan habia egindako txori horiek uxatu nahian amaren logelara igo nintzen, oinutsik, zaratarik sortu nahi izan gabe, ama izutzeko beldurrez. Berari begira bake apur bat baino ez nuen nahi. Benetan. Baina esna zegoen. Eta ez hori bakarrik: ondo hartu ninduen gainera bere alboan. Ohea handia da. Almadia bat, ibai zabal eta patxadatsuan. Amak buelta ematen du, ostikoka kentzen du manta gainetik eta aldakaren hezur zorrotza nabaritzen zaio, kamisoiaren azpitik. Txinpartek argiztatutako hezur horri begira lokartu nintzen azkenean, trumoien artean.

Errutina bihurtu da. Errutinak esan nahi du ez dugula aitzakiarik behar gauero egiten duguna egiteko.

Ama izugarri argaldu dela konturatu naiz. Baina jan egiten duela ere baieztatu dezaket. Ez naiz larritzen.

Goizetan terrazan gosaltzen dugu. Arrautzak eta ogi xigortua. Hasi aurretik mahaia sikatu beharra dugu baina ez du euririk egiten, goizetan. Amak irrati bat dauka terrazan. Handia da, eta zaharra. Emisora ultra bat dauka sintonizatuta. Hasieran ez zuen piztu ere egiten. Gero baxu jartzen hasi zen. Eta orain lokutorearen ahots profetikoaren burrunba kalean barrena zabaltzen da. Barregura ematen dit “abortua” hitza ahoskatzeko duen modu horrek. “Konstituzioa”. Horrek ere bai. Disimulatu egiten dut. Zigarro bat eskaintzen diot amari eta gosariaren zaporea tabakoaren zaporearen baitan urtzen uzten dugu biok, irratiari adi.

Nik dakidala, ama ez zen horrelakoa. Iraganean beste modu batekoa zen. Uler dezazuen: Gladys del Estal akabatu zuten egunean, ama hor zen, manifestarien artean. Askotan kontatzen zigun aitak. Ama hor zegoela, eta bera ere bai. Eta izugarria izan zela, exekuzio hotz bat, ez zuela erreala ematen, denak izoztuta utzi zituela. Eta orduan gehien gustatzen zitzaigun zatia heltzen zen: gogoratu ez arren gu ere han geunden, German eta biok, likido amniotikoan dantzan, Guardia Zibilari beldurra izaten ikasi gabekoak. Baina artean ni ez nintzen Gladys deitzen eta German ez zen German deitzen.

Zer da likido amniotikoa, aita? Eta nazka aurpegiarekin bukatzen genuen beti aitaren istorioa.

 

Aitak bizitza-aseguru bat zeukan eta gainera istripua in itinere kontsideratu zitekeela erabaki zuten bulego batean. Diru horrekin amak irla honetara etortzea lortu zuen. Bere betiko ametsa omen zen. Guk ez genuen ideiarik ere. Berria eman zigunean, portuko etxe hau erosia zuen jada. Eta gu? galdetu genion. Zuek helduak zarete, erantzun zigun.

Arrantzale etxe berriztatu bat da amaren etxea. Txukun dago, polita da, itoginengatik ez balitz. Yateak dauzkagu ikusgai, terrazara ateratzen garen bakoitzean. Batzuk izugarri handiak dira. Batek bi ur-moto ditu, eta bi kamarero, beti gertu eta nagusiaren kapritxoen zain. Bereziki interesatzen zaizkigu yateetako jabeak, beti betaurreko ilunekin. Kruzeroetako jendea ere agurtzen dugu, alai, eta agurra itzuli ohi digute.

Beheko pisuan, garai bateko arrantzaleek txalupa gordetzen zuten tokian, amak bere estudioa ezarri du. Lorontziak eta edozer gauza gordetzeko balio duten ontziak. Horixe egiten du amak bere tornuarekin. Labe bat ere badauka. Eta kolore guztietako esmalteak. Herriko umeei ikastaroak ematen dizkie arratsaldeetan. Baina urrira arte ez dira klase horiek hasiko eta horregatik ez da umerik ikusten inguruetan.

Ama ez da inoiz oso umezalea izan. Horretan ez zuen zorte handirik izan gaixoak. Ume bakarra nahi zuen, mundu guztiari esaten zion hori, bat eta nahikoa, eta bi etorri zitzaizkion batera. Gure presentziak mundu honetan ez zuen bere umezaletasuna gehiegi sustatu. Bitan zatitu egin zuen, ezer egitekotan. Txikiak ginenean ez genuen beste ume batzuek sentitzen zuten amaren besarkada itogarri hura pairatu beharrik. Ez genuen beraren ezpainetako margoa masailetatik harramazkatu beharrik eskolako atarian jasotzen gintuen bakoitzean. Ziur naiz gauetan beraren muxuaren zain lokartzen nintzen bakoitzean, mesanotxeko argia oraindik piztuta, amak egoera aprobetxatu eta aurreztu egiten zuela muxu hori.

Orain ere gauzak ez dira gehiegi aldatu: gauetan ez nau besarkatzen, ez pentsa, baina nik besarkatzen badut, ohean gaudelarik, ez dit aurkarik egiten. Bero dela esaten dit, gehiegi luzatzen banaiz.

(Jarraituko du)

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

 

NAIZ
Loading player...


Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du NAIZ Kontzertuak ekimenak.

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.