NAIZ

Koronabirusak tigrea gaixotu du; etxeko katuak kutsatu zaitzake?

Itzuliperdi harrigarria da koronabirus berri honena. Sagusazarretik pangolinera, pangolinetik gizakira, eta gizakitik tigre, katu eta txakurrera. Latza da gero duela bizpahiru hilabete ezazagun zen birusaren errekorra! Baina, katutik katura pasatzen dela baieztatu duten bezala, katuetatik, ala txakurretatik, jauzi egin al dezake berriz gizakira?

Kaleko katu bat Istanbulen. (AFP)
Kaleko katu bat Istanbulen. (AFP)

New Yorkeko Bronx auzoko zootik etorri da albistea, munduko zientzialari eta albaitarien artean kezka zabaldu duen berria: Nadia izeneko lau urteko tigre malaysiar emeak positibo eman du koronabirusaren frogan. Eztularekin somatzen zuten zaintzaileek, eta susmo okerreneak bete egin dira. Nadiaren Azul izeneko ahizpa, Amurreko bi tigre eta Afrikako hiru lehoi kutsatuta egon daitezkeela ere zabaldu dute, baina oraingoz ez dago baieztapenik.

Berria jakin ondoren, Animalien Osasunerako Munduko Erakundeak, kezkatuta bai baina alarmarik ez du adierazi. Egun, Covid-19a animalietatik pertsonetara pasatzen ari delaren inongo ebidentziarik ez dagoela baieztatu du. Maskotak, hortaz, ez direla infekzio iturri eta, ondorio garbi bat munduratu du: «Covid-19aren propagazioa pertsonatik pertsonara zabaltzen da».

Hala ere, animalia ezberdinak zein puntutaraino diren koronabirus berriarekiko harkor eta animalien artean nola zabaltzen den ikertzen jarraitzen dute mundu osoan. Eta bitartean, Amerikako Albaitzaritza Medikuntzaren Elkarteak eta AEBetako Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako Elkarteak gomendatu dute koronabirusak jotako pertsonek beraien maskotekin harremana mugatu beharko luketeela. Eta, orokorrean, etxeko txakur edo katuekin ibili ondoren, eskuak ondo garbitu, eta maskoten etxetxoak higienizatzeko deia zabaldu dute.

Nadia tigrearen gaixotasunaren aurkikuntzak birusa animalien artean nola transmititzen den inguruko galdera berriak paratzen ditu. Izan ere, gaur-gaurkoz ez dira gauza asko ezagutzen birusaren inguruan, ez dago katuek birusa zabaltzen dutelaren ebidentzia bakarra, baina informazioaren faltan, badaezpada, aukera horri atea guztiak itxi behar zaizkiola aurreratzen dute.

Laborategietako frogetan koronabirusa sartu dieten animalien artean jakina da genetikoki eraldatutako saguek eta tximino batzuek infektatu egin direla. Hau jakin ondoren, tximinoen zaintzarako «santutegi» guztiak itxi egin dituzte AEBetan eta beren zaindarien interakzioa gertutik kontrolatzen ari dira. Hudoak ere, SARS eta beste gripe mota batzuen ikerketetan oso erabiliak izan direnak, Kaliforniako School of Medicine Unibertsitateko ikerlariek jakitera eman dutenez, koronabirusa hartu eta beste hudo batzuei zabaltzen diete, sukarra eta eztula izaten dute, birikak infektatzen zaizkie, baina testatu diren hudo guztiak errekuperatzea lortu dute.

«Osasun bat eta bakarra»

Gizakien osasuna eta animalien osasuna elkarren menpekoak dira eta elkar existitzen diren ekosistemetara lotuak daude. 2000. urtetik aurrera indarra hartu duen ideia da hau, nahiz eta mende bat baino gehiagotik ezaguna den. Animalietan jatorria izan eta gizakiei erasotzen dien gaixotasunak aski ezagunak dira: hegazti-gripea, amorreria edo bruzelosia esate baterako. Badira pertsonatik pertsonara pasatzen diren gaixotasunak animalien artean zirkulatu edo animali gordailu ezaguna dutena eta osasun larrialdi oso hilgarriak sortu ditzazketenak, hala nola Ebola birusaren epidemiarekin gertatu zena.

Egun, uste da infekziosoak diren giza gaixotasunen %60a zoonotikoak direla, hots, animalitik –gehienetan hornodunak– pertsonara, eta alderantziz, zabaltzen direnak. Gaixotasun infekzioso berrien agente patogenoen %75a jatorri animalikoak direla. Gerra biologikoetan erabili daitezkeen agente patogenoen %80 zoonotikoak direla edo urtero bost giza gaixotasun berri sortzen direla eta horietarik hiruk animalietan dutela jatorria.

Oraingoan, badirudi felidoak birusarekiko sentiberak direla, baina oraingoz datu oso anekdotikoa da. Milioi eta erdi eskas pertsonak eman dute positibo, eta soilik tigre batek, bi txakur eta bi katuk eman dute positibo.

Katutik katura, bai

Txinan ez dute txikira jokatu. Zalantza guztiak uxatzeko, Harbineko Albaitariza Ikerketaren Institutuak, segurtasun handiko laborategi batean hainbat animalien sudurretan zuzenean inokulatu dute birusa. Eta kanpoko errebisioa pasatu ez duen ikerketa horren aurretiazko emaitzek adierazten dute birusa gaizki erreplikatzen dela txerri, txakur, oilo eta ahateetan, baina hudo eta katuetan aldiz, ondo, eraginkor, erreplikatzen da.

Bu Zhigao birologoak zuzendu zituen ikerketetan gizakion koronabirusa bost katutan inokulatu eta egunetara hil egin zituzten. Nekropsiek erakutsi zuten birusa trakea eta eztarrietan multiplikatu zela, nahiz eta katu batek ere ez zuen gaixotasunaren sintomak erakutsi. Gainera, infektatu zituzten felido hauek alboko kaiola batean osasun onean zen katua infektatu zuten, eta horrek, gizakietan gertatzen den bezala, arnasketa-ttatta txikien bitartez infektatu zela iradokitzen du.

Berriagoa den ikerketa batek, apirilaren 3an publiko egin zena, Wuhaneko kale katuen %15a birusarekin kutsatu zela erakusten du. Huazhongo Nekazaritza Unibertsitateko ikerlariek  kaleko ehun katuren odola hartu, aztertu eta horien %15etan antigorputzak aurkitu zituzten. Kasu honetan ere zuhurtzia behar da, ez delako egon nazioarteko zientziaren eskakizuna den kanpoko errebisiorik.

Edonola ere, William Kareshek, Animalien Osasunerako Munduko Erakundearen faunaren osasunaren batzordeko presidenteak zera gomendatu du: «Kanpoan denbora asko pasatzen dutela katuek, potentzialki pertsona batek kutsatu ditzazkeela, eta, beraz, hobe dela haiekiko distantzia bat mantentzea, pertsonekin egien den bezala». Twitteren bidez gomendio honekin ados dauden albaitariak ez dira falta.