NAIZ

Izen esanguratsuek bat egin dute nazioartetik Aberri Egunarekin

Gerry Adams, Sinn Féineko lider historikoak, Euskal Herria Batera ekimenak Aberri Egunerako egindako deialdiarekin bat egin du. Berarekin batera, Elisenda Paluzie ANCko lehendakariak, Marcel Mauri Ómnium Culturaleko bozeramaileak, Shona McAlpine Scottish Independence Conventioneko kideak eta beste 11 lagunek ere elkartasuna adierazi diote Euskal Herriari eta indarra bidali koronabirusak eragindako une zailotan.

Gerry Adamnsek Irlandatik bidalitako elkartasun mezua. (@2020aberrieguna)
Gerry Adamnsek Irlandatik bidalitako elkartasun mezua. (@2020aberrieguna)

Justu ostiral honetan betetzen dira 22 urte Irlandan Ostiral Santuko Hitzarmena sinatu zutela. Gerry Adams izan zen akordio horien protagonista nagusietako bat. Aberri Egunerako bidali duen argazkian «solidarity on Basque National Day» idatzi du eta elkartasuna helarazi die euskal herritar guztiei.

Elisenda Paluzie ANCko lehendakariak eta Marcel Mauri Ómniumeko bozeramaileak katalanez idatzitako mezuarekin azaldu nahi izan diote elkartasuna eta babesa euskal herritar guztiei Aberri Egunean: «En aquesta difícil situació, us desitjo que celebreu en solidaritat aquest especial Aberri Eguna».

Jaume Alonso-Cuevillas eta Lluis Cleries, JxCat alderdiko diputatuak eta senatariak ere bat egin dute Kataluniatik Aberri Egunarekin.

Shona McAlpin Scottish Independence Conventioneko kideak ere ANC eta Òmniumeko kideen mezu bera helarazi du ingelesez, baita John Finne Eskoziako Alderdi Berdeko parlamentariak.

Guztira, Eskozia, Katalunia, Irlanda, Galizia, Kurdistan eta Saharako 15 ordezkarik bidali dute argazkia «Aberri Eguna elkartasunean ospatzea» opaz.

Montse Prado BNGko diputatua Galizako Parlamentuan, Rubén Cela Galiza Sempre elkarteko lehendakaria, Bieito Lobeira BNGko Antolakuntza Arduradun Nazionala, Lehbib Moh Fadel Samarako Farsia 3ko dispensarioko sendagilea, Saruhan Oluç eta Meral Danış Beştaş HDP ko diputatuak, Ana Mirarnda BNG-ren ordezkaria Europan eta Chris MacManus Sinn Féin-eko diputatua Europako Parlamentuan osatzen dute zerrenda.

Euskal Herria Batera ekimenak aurreko asteburuan egin zuen aurten Aberri Eguna batera ospatzeko deialdia, hildakoen senideei dolua adierazteko eta koronabirusari aurre egiten ari zaienekiko harrotasunez eta eskertzaz.

Alderdi, eragile sozial eta sindikatu ugariren babesa jaso du ekimenak. Herritarren aldetik ere babes zabala ari da jasotzen sare sozialetan argazkiak elkarbatuz eta www.aberrieguna2020.eus webguneko mosaikoan argazkiak igoz.