NAIZ

Egoitzak birpentsatzea, bidezko deskonfinamendua eta doluan laguntzea proposatu du Onekak

Covid-19aren pandemia honetan bizi dugun alderdirik gogorrenetako bat zahar egoitzetan bizi ziren ehunka adineko pertsonen heriotza da. Hildako asko dagoela esan dute, «pertsona kalteberak direlako, mendekotasunpean bizi direlako eta beste patologia batzuk dituztelako». Baina Oneka euskal emakume pentsiodunen plataformak ohartarazi duenez, heriotza horiek ez dira adinagatik, baizik eta «gaixotasunaren arreta ezagatik eta egoitzetako baldintzengatik».

Balkoi eta leihoetan xingola beltzdun kamiseta zuriak jartzera gonbidatu ditu herritarrak Onekak.
Balkoi eta leihoetan xingola beltzdun kamiseta zuriak jartzera gonbidatu ditu herritarrak Onekak.

Egoitzen eredua bera jarri du zalantzan Onekak. «Agintekerian, masifikazioan eta deshumanizazioan oinarritzen direnean, egoitzak adinekoen hilobi bihurtzen dira. Zer esan langileez, gehienak emakumeak, gehienetan lan egoera prekarioetan. Gure onespen osoa merezi dute eta haiekin batera izango gaituzte beren aldarrikapenen aldeko borrokan, beren lana duinduko duten baldintzak lortzeko», azaldu du ohar batean.

Onekaren iritziz, gaur egungo ereduarekin, ez egoitza publikoek ez pribatuek ezin diete erantzun egoiliarren premiei modu gizatiar eta eraginkorrean, nahiz eta pribatuetan gertatu diren heriotza eta kutsatze datuak askoz okerragoak diren.

Egoitzen formatua birpentsatu eta zerbitzu publiko gisa birplanteatzeko beharra azpimarratu du plataformak. «Ez litzateke negozio gisa sortutako egoitzarik egon behar, edo pertsonen aparkaleku gisa eratutakorik, ‘produktiboak ez direlako’».

«Aurreikus daitekeen deskonfinamenduarekin are ageriago geratzen da 60 urte bete ditugunon atzean dagoen estereotipoa. Ahultzat hartzen gaituzte. Jaiotze dataren arabera epaitzen gaituzte, ez gure egoeraren arabera. Adina da ikuspegi nagusia, eta ikusezin bihurtzen dute 60 eta 110 urte bitarteko pertsonen artean dagoen aniztasuna. Gutaz modu paternalistan ‘gure adinekoak’ bezala
hitz egiten dute», kritikatu du Onekak.

Erantsi duenez, kontraesan nabaria da, 60 urterekin lanean jarraitu behar dutelako.

Adinkeriarik gabe

Emakumezko pentsiodunen plataformak balioan jarri du adineko pertsonek egiten duten ekarpena. «Gure ordez erabaki nahi dute, behin eta berriro erakusten ari garenean zoritxarrari aurre egiteko dugun gaitasuna. Adinekook abian jarri dugu bidezko pentsioen aldeko borroka-mugimendu eredugarri bat, pentsioa gutxienez 1.080 eurokoa izan dadila eskatuz. Krisi honen ondorioz eta gure agintarien atzerapenaren eta eraginkortasunik ezaren ondorioz sortu diren elkartasun sare berrietan sartu gara. Teknologia berriak erabiltzeko gai garela erakutsi dugu eta, gainera, zaintza lana egiten jarraitzen dugu».

Horregatik, «deskonfinamendua ezin da pertsonen adinean oinarritu, pertsona bakoitzaren egoera kontuan hartuta doitu beharko da. Etxeetatik irteteak neurri ekitatiboa izan beharko du, gure bizitzetara itzultzea ahalbidetuko diguna. Eta bizitzaz hitz egitean, heriotzaz ere hitz egin behar da», defendatu du. Bakarrik hil diren pertsona horien heriotzaz. Senitartekoek zuhaitzetan kamisetak ezarriz oroitzen dituzte, beren izenekin, ez dutelako nahi inork ahaztea.

Doluan lagundu

Egoera horretan hildakoen familiei saminean lagundu nahi die Onekak, badakielako dolu-prozesu bereziki mingotsa pasatzen ari direla, ohikoa ez den konfinamendu eta isolamendu egoera dela-eta.

Doluan dauden pertsonei babesa adierazteko, herritar guztiak gonbidatu dituzte xingola beltzdun kamiseta zuriak jartzera leiho eta balkoietan. «Pertsona horiek ere gure berotasuna senti dezaten nahi dugu animo eta esker oneko txaloetan, gaixoek, haien zaintzaileek, osasun-langileek, garbitzaileek eta gure biziraupenerako funtsezkoak diren gainerako zerbitzuek sentitzen duten
bezala», adierazi du.