NAIZ

Juanjo Olasagarrek jasoko du Joseba Jaka beka

Juanjo Olasagarrek aurkeztutako ‘Mamu izateko moduak’ proiektua eskuratu du Joseba Jaka beka. Idazleak urtebeteko tartea izango du proiektua eleberri bilakatzeko. Mamuen gaineko eleberria idazten ari den idazlea eta euskal gatazka korapilatuko ditu Olasagarrek.

Juanjo Olasagarrek jasoko du bi urtetik behin Elkar Fundazioak ematen duen Joseba Jaka sormen beka. Sariketara aurkeztu diren 21 lanen artean hautatu du Maialen Berasategi, Iratxe Retolaza eta Iban Zalduak osatutako epaimahaiak, ‘Mamu izateko moduak’ proiektua eta, hala, Olasagarrek 10.000 euroko laguntza eta urtebeteko epea izango ditu proiektua eleberri bilakatzeko.

Epaimahaiak proiektuaren «anbizioa» eta «hartutako arriskua» azpimarratu ditu: «Anbizioa, aurkeztutako lanak istorioan zehar euskal gizarteko askotariko elementuak bilbatzeko asmoa, eta hainbat geruzatako arkitektura narratiboa eraikitzeko asmoa erakusten duelako. Eta hartutako arriskua, ekarpen desberdin bat egin nahian, proiektuak euskal nobelagintzan horren ohikoa ez den konbinazio bat proposatzen duelako: genero fantastikotik euskal gatazkaren arrakala zenbait zeharkatuko dituen begirada». Begirada hori «gainera, euskal gizarte eztabaidan pil-pilean dagoen gai bat aukeratuz» egiten duela ere jarri dute balioan: «Gure iragan hurbilaren inguruko ‘errelatoarena’ hain zuzen, proiektuari interes gehitu bat eransten diona».

Idazleak era honetara aurkeztu du bere proiektua, Elkar-ek hedabideetara helarazi duen bideo batean: «Nik uste dut, guri, herritar moduan, gertatu zaigun gauza handi bat izan dela euskal gatazka; hainbeste non Jokin Muñozek uste zuen gure kanpora ateratzeko berezitasuna izan behar zuela. Eta nik, berriz ere, euskal gatazkari heldu diot, baina beste ikuspegi batetik. Nobela honetan, idazle bat dago, idazle andre bat, eta idazle andre hori mamuen edo fantasmen nobela bat idazten ari da, euskal gatazkaren inguruan. Bi hari horiek lotuz nobela hau idazten saiatuko naiz».

Idazleak esan duenez, proiektua joan den abenduan entregatu zuen, oraindik pandemia ez zegoen garaian, eta orain ez daki horrek eragingo duen lanean. «Garai arraroak dira hauek eta proiektua abenduan entregatu genuen, alegia pandemiaren aurretik, eta, aurreko batean, irakurri nion nobela erdibidean duen nobelista bati, arraroa egiten zaiola, bizitzen ari garenarekin, zaila egiten zaiola bere pertsonaiek hemendik aurrera zer pentsatuko duten erabakitzea. Ataka honetatik ez dakigu nola aterako garen, nola aterako den mundua, eta nobelista horrek ere ez daki nola aterako diren bere pertsonaiak. Hau jende askori gertatzen ari zaio eta niri ere bai. Ez dakit eragingo dion nobelari, proiektuan behintzat ez zegoen», esan du.

Bukatzeko, Olasagarrek eskerrak eman dizkio elkar Fundazioari, Joseba Jaka beka sortzeagatik, eta baita Maialen Berasategi, Iratxe Retolaza eta Iban Zalduak osatutako epaimahaiari ere, bere lana aukeratzeagatik.