Arnaitz Gorriti

Federazioaren akordioak Delteco Gipuzkoa Basket ACB Ligara igotzeko atarian jarri du

Espainiako Saskibaloi Federazioak 2019/2020 denboraldia amaitutzat jo du eta inork ez du mailarik galduko. Maiatzaren 25erako, «jokalarien osasuna bermatzen bada», igoera faseak jokatuko lirateke eta hor, talde donostiarrak Valladoliden aurka bost puntu edo gehiagogatik irabazten baldin badu, ACB Ligara igotzeko txartela eskuratuko luke. Ezin bada jokatu, GBC zuzenean igoko da.

Gipuzkoa Basketek jokatu gabe edo garaipen bakarrarekin lor lezake ACB Ligara itzultzea. (Jon URBE / FOKU)
Gipuzkoa Basketek jokatu gabe edo garaipen bakarrarekin lor lezake ACB Ligara itzultzea. (Jon URBE / FOKU)

Espainiako Saskibaloi Federazioak –FEB– bere azken bilera telematikoan 2019/2020 denboraldia amaitutzat jotzea adostu du Espainiako Kirol Kontseilu Gorenarekin. FEBen esku Urrezko eta Zilarrezko LEB Ligak daude eta baita Emakumeen bi liga txapelketa nagusiak ere.

Ondorioz, horrek esan nahi du ez dela maila galduko duen talderik izango. Horrez gain, maiatzaren 25erako erabaki beharko du mailaz igotzeko faseak martxan jartzen diren ala ez, beti ere «jokalarien osasuna bermatzen bada» eta klubek «ezarritako babeserako protokoloak betetzea» bermatuko balute. Igoera faseak jokatuko balira, ekainaren 30a baino lehen jokatu beharko lirateke.

Euskal taldeei dagokienez, interesik handiena Delteco Gipuzkoa Basketek dauka, izan ere ACB Ligara igotzeko txartela automatikoki edo, txarrenera, garaipen bakarrera izan baitezake.

Igoera faserik egin ezean, donostiarrek eta Valladolidek, biek lortuko lukete ACB Ligan jokatzeko eskubidea ematen duen txartela, Urrezko LEB Liga eten zenean, martxoaren 8an, lehiaketako aurreneko bi postuak betetzen zituztelako. Faseok jokatu beharra balego, Gipuzkoarrek Valladoliden aurka partida bat jokatu beharko dute, Liga Erregularreko bigarren itzuliari dagokion partida, hain zuzen.

Joaneko itzulian 81-77 galdu zuten Marcelo Nicolaren mutilek eta itzulerakoan lau puntu edo gehiagoko aldeaz irabazi beharko lukete. Egia da talde biek 18na garaipen dituztela, baina FEBen erabakiak talde bien arteko «averagearen» garaileari ematea deliberatu du Urrezko LEB Ligako aurreneko postua.

Horrez gain, martxoaren 8an Urrezko LEB Ligan hirugarren postutik zortzigarrenera zeuden taldeek elkarren aurkako kanporaketa bat jokatuko dute, partida bakarrera: hirugarrena zortzigarrenaren aurka; laugarrena eta zazpigarrena aurrez aurre eta, azkenik, bosgarrena seigarrenaren kontra. Kanporaketa hauetako garaileek eta GBC eta Valladoliden arteko demaren galtzaileak Lauko Finala jokatuko dute, ACB Ligara igotzeko bigarren txartelaren bila.

Bestalde, nahiz eta oraingoz ACB Ligak ez duen ezer esan FEBen erabakiari buruz, jakina da honek ere jaitsierarik ez dela egongo adostu zuela duela aste batzuek. Alabaina, ez du 2020/21 sasoira begira igoerarik ametituko printzipioz. Josean Kerejeta Saski Baskoniako presidenteak berak ere, «zentzugabetzat» jo zuen «20 taldez osaturiko ACB Liga».

Emakumeen Ligan garailerik ez

Bestalde, Emakumeen Endesa Liga garailerik gabe amaitutzat jotzea erabaki du FEBek. Hala ere, datorren denboraldian Euroliga edo Eurocupean parte hartzeko, martxoaren 8ko sailkapen nagusia hartuko da aintzat. Hau da, Lointek Gernika Bizkaiak eta RPK Araskik Eurocupean jokatzeko eskubidea izango lukete teorian, aukera horri uko egin ezean.

Bestalde, gauzak txarto jarri zaizkio Galdakaoko Ibaizabali Emakumeen Ligara igotzeko. Faserik ez balego, A eta B multzoetako aurrenekoek bakarrik, Movistar Estudiantes eta Snatt's Sant Adriak, alegia, igo ahal izando dute mailaz.

Aldiz, igoera faserik balego –LEB Ligako osasun kriterio berberen arabera–, hiruna taldez osaturiko bi multzok ligaxka jokatuko lukete, martxoaren 8ko sailkapena aintzat hartuta. Ligaxka bakoitzeko aurreneko biek egingo lukete orduan aurrera eta azken kanporaketa bana egingo litzateke, multzo bateko aurrenekoa eta beste multzoko bigarrenaren artean, Emakumeen Ligara igotzeko bi taldeen izenak jakiteko.