Soilik 2. Batxilergoko ikasleak eta laguntza behar dutenak klasera itzultzea eskatu dute sindikatuek

EAEko hezkuntza sistemako sindikatuek ikasturte amaiera «seguru, adostu eta kalitatezko» baterako proposamena helarazi diote Lakuako Gobernuari. Azken asteotan Hezkuntza Sailak «inprobisatu» egin duelakoan daude eta deitoratu dute aldaketa guztiak sektoreko eragileekin adostu gabeak izan direla. Eskatzen dute ikastetxe guztiei irizpide berberak finkatzea eta ikasgeletara itzuliko diren ikasleak soilik 2. Batxilergokoak eta errefortzuren bat behar dutenak izatea.

NAIZ|2020/05/20
Laudioinstitutua
Laudioko institutua, koronabirusagatik ixteko agindua eman zuten egunean. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak maiatzaren 25era atzeratu zuen irakasle eta ikasleen ikasgeletarako itzulera. Sektoreko sindikatu eta eragileen presioaren ondotik, astebete atzeratzea erabaki zuen eta gainera, ikastetxe bakoitzak bere azpiegituren araberako itzulera planifikatu zezala erabaki zuen.

Azken aldaketa hauengatik, ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuen iritziz Hezkuntza Saila «inprobisatzen» aritu da, «bizi dugun pandemia larriak eskatzen dituen osasunerako berme-irizpideak lehenetsi gabe, ikuspegi pedagogikoak kontuan izan barik eta beharrezko adostasunik gabe».

Aldaketak eta erabakiak langileen ordezkariekin partekatu gabe hartu dituela leporatu diote eta aldebakarrekoak diren erabakiak bertan behera utzi ditzatela eskatu diote. Salaketa hau aurretiaz ere egin zuten sindikatuek eta hori izan zen arrazoi nagusia, maiatzaren 18ko greba iragartzeko –azkenean bertan behera geratu zena, klasera itzulera atzeratu ostean–.

Gertaera hauen aurrean, sindikatuek «hutsuneak» igarri dituzte Hezkuntza Sailaren planteamenduan eta horregatik, proposamen batzuk helarazi dituzte. Laburbiltzearren, osasun protokolo eta zein beste dokumentuetako gabeziak langileen ordezkariekin osatzea aldarrikatzeaz gain, beharrezko ikusten dute ikastetxe guztiei irizpide berberak finkatzea: «Horrela, ikastetxe  desberdinetako ikasleen arteko arrakalarik sortu edo areagotzea saihestuz».

Aurrez aurreko ikasketei ekiteko beharrak 2. Batxilergoko ikasleek –uztailean selektibitatea daukatelako– zein errefortzu edo laguntzaren bat behar duten horiengan zentratzea eskatzen dute –hala nola, arrakala digitalaren ondorioz konfinamenduaren ondorio kaltegarriak modu gehigarri batean jasan dituzten–.

Ez dituzte mobilizazioak baztertzen

Hurrengo astean osasuna bermatu gabe ikastetxeren batean aurrez aurre ikasketak abian jarriko balira, sindikatuek ez dute baztertzen mobilizazioak iragartzea: «Sindikatuok gure esku dauden tresna guztiak abian jarriko ditugu langile eta ikasle horien osasuna babesteko».

Sindikatuek, modu bateratuan, ez dute partekatzen ezta ere aste honetan Lakuatik iritsi den agindua. Modu telematikoan jarduten zebiltzan irakasleak –maila guztietakoak– ostegunetik aurrera, modu antolatuan, ikastetxeetara itzultzea eskatu du Hezkuntza Sailak.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.