NAIZ

Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarietara lanak aurkezteko epea ireki da

Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika Sarien XIII. edizioaren deialdia zabaldu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Irailaren 18ra arte dago aukera hausnarketa eta ikerketa lanak aurkezteko.

Joan den urteko Txillardegi-Hausnartu Sarien ekitaldia. Jon Fernandez izan zen bigarren saritua. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Joan den urteko Txillardegi-Hausnartu Sarien ekitaldia. Jon Fernandez izan zen bigarren saritua. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika Sarien XIII. edizioaren deialdia ireki dute. Irailaren 18ra arte izango da aukera hausnarketa eta ikerketa lanak aurkezteko.

2008. urtean sortu zenetik, lehiaketaren helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Euskal soziolinguistikaren ikerlarien lana bultzatzea eta ikerlari berriak eremu honetara biltzea bilatzen da. Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke sarietara, oinarri zientifikoa dutenak edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen dituztenak.

Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera; soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik, besteak beste.

Txillardegi–Hausnartu Soziolinguistika Sariak izenarekin, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi euskal soziolinguista handia omendu nahi da, euskararen inguruko ezagutza soziolinguistikoa eraikitzen egin zuen lanagatik.

2020ko edizioan honakoak izango dira irabazleentzako sariak: lehen saria, 2.000 euro eta Jose Luis Zumetaren litografia bat; bigarrena, 1.300 euro; eta hirugarren saria, 1.000 euro.

Informazio osagarria, xehetasunak eta deialdiaren oinarriak internet bidez kontsulta daitezke.