Marcel PENA

Etorkinek ekonomiari egiten dioten ekarpena jasotzen dutena baino handiagoa da

Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak aurkeztutako txostenak baieztatzen du etorkinen ekarpen ekonomikoa administrazio publikoek prestazioetan gastatzen dutena baino handiagoa dela. Egiten duten ekarpena 1.525 milioi eurokoa da; gastua, berriz, 715 milioikoa da.

Fullaondo, Artazabal eta Peña, azterlanaren aurkezpenean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Fullaondo, Artazabal eta Peña, azterlanaren aurkezpenean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak, Culturmetria-rekin egindako ‘Atzerritarrek EAEn BPGd-aren bidez egiten duten ekarpena. Hurbilketa gastuaren aldetik’ azterlanaren emaitzak aurkeztu ditu ostegun honetan, Bilbon. Prentsaurreko hau martxoan egiteke gelditu zen, baina atzeratu zuten covid-19aren krisia dela eta.

Arkaitz Fullaondo azterlanaren ikertzaile nagusiak eta Alvaro Fierro Culturmetriako ikerketa-proiektuen arduradunak txostenaren emaitzak azaldu dituzte. Ikerketan BPGd-ari eginiko ekarpen ekonomikoaren eta gastuaren arteko erlazioa aztertu dute, eta datuen arabera, ikus daiteke administrazio publikoek baliatutako diru-kopurua (715 miloi euro) etorkinek euskal ekonomiari egiten dioten ekarpen ekonomikoa (1.525 miloi euro) baino baxuagoa dela.

«Hau da, 2018an atzerritarren kontsumoak sortu zuen dinamismo ekonomikoak 810 miloi euroko inpaktu positiboa izan zuela», BPGd-aren %2 baino gehiago, azaldu du Fullaondok. Halaber, ikertzaileak nabarmendu du orain, osasun- eta ekonomia-krisiaren ondoren, egoera alda daitekeela, «oparoaldian, kolektiboaren ekarpen fiskala handiagoa baita».

Datu ofizialetan oinarrituta

Bestalde, Fierrok zehaztu du analisia etorkinen kontsumoak BPGd-n duen eraginean oinarritu dela; gastuetan, berriz, DBE edo EPO bezalako prestazioak, osasun-arreta, hezkuntza –bai publikoa bai pribatua– eta etxebizitza aztertu dira.

Azterlana egiteko, organismo ofizialek emandako informazioa aztertu dute: Lakuako Gobernuko Etxebizitza, Hezkuntza eta Osasun sailak helarazitako datuak, baita Lanbiderenak ere ere.

Ondorioei dagokienez, Fullaondok nabarmendu du emaitza horiekin ez direla harritu, beste herrialde batzuetako txostenetan errepikatzen baitira. Gainera, koronabirusaren krisi ekonomikoa gorabehera, Fullaondok ez du uste horrek balantzari buelta emango dionik, «oso koltxoi handiaz ari baikara, 810 milioi euroko eragin positiboaz».

Desinformaizioaren kontra

Gainera, Beatriz Artolazabal Lakuako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Simón Peña EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoak txostena aurkeztu dute.

Artolazabalek ziurtatu du «koronabirusaren krisiaren ondoren, gure gizarteak abegitsu eta kohesionatua izaten jarraitu behar duela»; Simónek, berriz, nabarmedu du «hau bezalako ikerketak oso garrantzitsuak» direla «desinformazioari aurre egiteko».

Agerraldiak segurtasun-neurriak jarraitu ditu, hala nola aurkezleen arteko distantzia fisikoa mantenduz eta mahaiak desinfektatuz.