NAIZ

Kultur sektoreko langileek laguntzak eskatzeko epea luzatzea erabaki du Lakuak

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Lanbidek ‘Kulturako langileentzako programa’-ren bidezko laguntza eskatzeko epea ekainaren 1era arte luzatzea erabaki dute. Mikroenpresei laguntzeko 2 milioiko partida ere onartu du.

Ekainaren 1era arte jasoko dituzte eskaerak. (Jagoba MANTEROLA I FOKU)
Ekainaren 1era arte jasoko dituzte eskaerak. (Jagoba MANTEROLA I FOKU)

‘Kulturako langileentzako programa’-ren bidezko laguntza eskatzeko epea datorren astelehenerako, maiatzak 25, zuen finkatuta Lakuak, baina Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Lanbidek epe hori bost egunez luzatzeko beharra ikusi dute. Horrenbestez, ekainaren 1era arte luzatu dute epea.

Laguntza hauek Araubide Orokorreko zein Lanbide Autonomoen Araubide Berezian alta emanda dauden langileei zuzenduta daudela ekarri dute gogora, eta Lakuaren helburua «laguntzak eskatzen dituzten langile guztiengana iristea» dela esan dute, hauek «baldintzak betetzen badituzte». «Laguntzen aurrekontua ez bada nahiko eskatzaile guztiei erantzuteko, deialdiak mekanismoak aurreikusi ditu laguntzak banatzeko hurrenkera ezartzeko (ez da lehenetsiko eskabidea aurkezteko eguna)», zehaztu dute.

Laguntza horiez gain, kulturaren arloko mikroenpresei zuzendutako 2 milioi euroko partida ere onartu dute.

Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak apirila amaieran onartu zuen 2,5 milioi euroko diru partida bideratzea Covid-19ak eragindako krisialdiaren eraginez kalteak jasan zituzten kultur alorreko langileei laguntza emate aldera. Deialdira aurkezteko epea maiatzaren 12an zabaldu zuen Lakuak eta, erabaki berriarekin, ekainaren 1era arte egongo da indarrean.