NAIZ

Lara Gonzalez antolatzaileak zortzigarren urtez jarraian segiko du IDK Euskotren taldean

Antolatzaile donostiarrak 2012/13 denboraldian debutatu zuen bere etxeko taldean. Gorengo mailara igo zenez geroztik, 170 neurketa jokatu ditu 26 urteko jokalariak, IDK Euskotrenekin Ligan partida gehien jokalaria delarik.

Zortzigarren urtez jarraian jokatuko du etxeko taldean Lara Gonzalez antolatzaileak. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Zortzigarren urtez jarraian jokatuko du etxeko taldean Lara Gonzalez antolatzaileak. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

IDK Euskotren saskibalopi taldea 2020/21 denboraldia prestatzeko pausoak ematen hasi da. Hala, Azu Muguruza entrenatzailearen kontratua berriztu ostean, Lara Gonzalez antolatzaile donostiarrari ere urtebeterako luzatu dio taldearekin duen lotura.

Lara Gonzalezek 26 urte ditu –1994ko azaroaren 1ean jaio zen– eta 1,74 metro neurtzen ditu. Antolatzaile postuan jokatzen du eta datorren urtea izango da IDK Euskotren taldearekin jokatuko duen zortzigarrena. Horrez gain, bigarren urtez jarraian taldeko kapitaina izango da.

Donostiarrak 2012/13 denboraldian egin zuen debut, beti ere Azu Muguruzaren aginduetara. Urte hartan lortu zuen talde donostiarrak Emakumeen Ligara igoera. Ordutik aurrera, Lara Gonzalezen talde barruko garrantzia handitzen joan da pixkanaka eta dagoeneko 170 partida daramatza maila nagusienean, IDK Euskotren taldeko kamisetarekin gorengo mailan partidarik gehien jokatu duen jokalaria izanik.

Amaiera «gazi-gozoa»

IDK Euskotren talde barruan jarraitu behar duela eta, «pozarren» azaldu da antolatzaile donostiarrak klubaren webguneari eginiko adierazpenetan.

«Etxeko taldean gelditzeak poztasun handia sortzen du, norberagan konfidantza duela erakusten baitu. Berriz ere entrenatzen hasteko amorratzen nago, lana gogotik egin eta nire onena emateko. Pasa den denboraldia ez da nik espera bezalakoa izan, eta are eta gogotsuago nago», onartu du.

Izan ere, «denboraldi amaiera gazi-gozoa» izan dela esan du Lara Gonzalezek.

«Horrela amaitzea ez da gustukoa izan, baina osasuna da lehentasuna eta erabaki zuzena izan dela deritzot. Azken jardunaldietan beharrezko heldutasuna lortzen ari zen taldea, dinamika onean genbiltzan eta horrela amaitu nahi genuen denboraldia. Hargatik, zapore gazi-gozoarekin amaitu dugu», esan du.

«Denboraldia amaitutakoan ikasketei ekiteko baliatu ohi duzu, baina segituan bueltatu ohi zara pistara maila fisikoa ez galtzeko. Baina gauden egoera ikusita, Azu –Muguruzarekin– hitzegin dut eta baliteke ekainaren amaierara arte edo uztailera arte Gascara itzuli ezina. Ahal dugun bezala konpondu beharko dugu», onartu du, bestetik, IDK Euskotren taldeko kapitainak.

Arazoak arazo, datorren denboraldiak «pizgarri berezia» du Gonzalezentzat. «Bi talde gehiago izangi dutugu 2020/21 denboraldiko Emakumeen Endesa Ligan, eta ondorioz, sasoia luzetxoagoa izango da. Liga hontan hasi nintzenetik hona, maila handitzen eta lehia gogrtzen ari da, eta ondorioz, oso denboraldi lehiakorra izango ote den susmoa daukat. Prest egon beharko dugu», esanda amaitu du.