oihane larretxea
DONOSTIA

Pako Aristiren ‘Euskal kantagintza berria’ berrargitaratu du Ereinek

Duela 35 urte argitaratu zen ‘Euskal kantagintza berria (1961-1985)’ liburua eta, agortuta denbora luzez egon ondoren, edizio berria atera du Erein argitaletxeak. Garai bateko euskal kantugintzaren mamia jaso zuen Pako Aristik hainbat musikariri egindako elkarrizketa intimoen bidez; hala nola, Xabier Lete, Mikel Laboa, Hertzainak, Imanol, Itoitz eta Izukaitzi. Jaso zuen edukiagatik, liburua erreferentea da.

Donostian aurkeztu da Pako Aristik idatziko liburuaren berrargitalpena. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)
Donostian aurkeztu da Pako Aristik idatziko liburuaren berrargitalpena. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Gaztea zen, 21 urte baino ez zituen, eta bizitza musikaren bidez irensten zuen enkargua bere eskuetara ailegatu zenean. 1984. urtea zen eta Pako Aristi Leioan zebilen Kazetaritza ikasketak egiten. Euskal kantagintza zena jaso behar zuen liburu batean, musikariei elkarrizketa luzeak eginez, haien bidez haien sorkuntza bera ulertu eta beren bizipen eta bizitzetaz gehiago deskubritu.

‘Euskal kantagintza berria (1961-1985)’ liburua lehen aldiz argitaratu zela 35 urte igaro dira eta badira zenbait urte agortu zela. Denbora honetan guztian ordea ez dio materian erreferente izateari utzi eta Erein argitaletxeak berriro kaleratu du, edizio berrituan. Edukia bertsua da, azala eguneratu zaio eta hitzaurrea egin dio Jon Eskisabelek.

Bitxikeria ugari deskubritu ditu Arisitik berak ostegun honetan Ereinen eskutik egin duen aurkezpenean. Adibidez, liburuaren ideia izatez Bernardo Atxagarena izan zela, eta hark eman zuela Aristiren izena argitaletxean. «Nik ez nuen libururik idatzi ordurako, baina kazetaritza ikasten nuen eta elkarrizketa batzuk argitaratuak nituen», gogoratu du.

Musikari-sortzaile asko elkarrizketatu zituen. Eta «musikari-sortzaile» dio zeren baldintza batzuk bete behar zituzten, bere irudikoz, pertsonaiek. «Kantaria behar zuen izan, bere kantuen sortzailea eta euskaraz kantatu behar zuen. Horiek izan nituen irizpideak». Benito Lertxundi, Errobi, Gorka Knörr, Hertzainak, Imanol, Itoitz, Izukaitz, Lourdes Iriondo, Peio eta Pantxoa, Xabier Lete, Urko, Oskorri, Niko Etxart, Mikel Laboa eta Jotakie bildu zituen, beste batzuen artean.

Generoaren inguruan hausnarketa egin du Aristik, gauzak asko aldatu baitira. «Liburu hau errepasatuta eta beste asko, ohartzen zara protagonistak ia gehienak gizonezkoak zirela. Egia da, musikarena izan da gizonen mundua, taldeen kasuan ere hamarretik bederatzi gizonek osatzen zituzten», tamaldu da. Zentzu horretan, ez ditu aipatu gabe utzi nahi izan garai hartan berebiziko eragina eta garrantzia izan zuten lau emakume musikari: Amaia Zubiria, Lourdes Iriondo, Odile Kruzeta Izukaitz taldean eta Maite Idirin.

Zenbat zigarro eta whisky

Enkarguarekin martxan jarri zenean, aitortu duenez, «berehala» ohartu zen arazo bat bazuela, «eta zen erreferentzia falta inork ez zuelako horrelako libururik idatzi. Euskal kantagintza purian zegoen, politikan eragina zuen, sozialki oihartzuna eta euskal nortasuna indartzeko balio zuen; oso gai garrantzitsua zen eta apetitosoa, baina inork ez zuen ezer idatzi liburu formatuan», tamaldu da. Eta erreferente falta horretatik abiatuta, Aristik kontatzeko modu bat sortu zuen. «‘Rolling stone’ aldizkaria erakutsi ziguten Leioan, fakultatean, eta gogoratzen naiz hango erreportai sorta batzuekin Anagramak liburu bat atera zuela. Molde horretan aurkitu nuen bidea, liburu hau egiteko teknika narratibo edo periodistiko hura baliatu nuen», kontatu du.

«Garai hartan puri-purian» zeuden musikariak luze eta zabal elkarrizketatu zituen beraz, nor bizi zen lekuan bertan, esentzia hobeto jasotzeko. Teknikaren oinarria oso sinplea zen. Pertsonaiaren bizilekura joan, «goiz edo egun bat pasa bat konpartitu», eta bere iritziez aparte jaso «nola bizi zen, nolakoa zen, ze galtza zituen soinean, zenbat zigarro erretzen zituen edo zenbat whisky edan zituen… bizitzako zertzeladak ziren». Nortasuna zehatzeko orduan detaileei garrantzia ematea zen gakoa.

Elkarrizketak luze joan arren, gero, idazterako garaian, Aristik zatikatu egin zituen eta pertsonaika baino, nahiago izan zuen edukia gaika bildu, musikariak nahastuz. Hau da, haria ideiak, gaia eta iritziak dira. «Horrek eman zidan lan handia eta bereziki irakurlea ez aspertzeko egin nuen», adierazi du. Dioenez, mota horretako publikazioen faltak eta «erreferentzia» eza horrek «arriskatzera eraman zuen zentzu askotan; lehen hautua aukeraketa bera, nor sartu eta nor ez».

Musikaren ahalmena ezberdina da

Ez du harridura ezkutatu geroztik halako libururik idatzi ez delako, alegia, ondorengo garai luzea hartuko lukeen izenbururik. «Egon dira liburuak, baina sektorialak izan direla iruditzen zait. Oso garai laburrekoak egin dira, edo taldekakoak, partzialak, eta pixka bat zapuztuta gelditu naiz», onartu du.

Garaiak aldatu dira, baita ere musikaren indarra eta uzten duen hondarraz ari bagara. «Euskal kantagintza garai hartan euskal identitate bat osatzera zetorren arte bat bezala ikusten nuen, ez da ahaztu behar frankismoaren garaian sekulako debekua, zapalkuntza, zentsura sufritu genituela. Kantari hauek irudia eman zioten Euskal Herriko mapari, kantagintzak beti agertu izan ditu herri bateko kezkak. Jendeak buruz zekizkien hemen agertzen ziren kanta asko, ikasi egiten zituzten, fotokopiatu egiten ziren kanta haiek –oroitu du–. Uste dut kantagintzak galdu duela gizartean presentzia baina baita ere euskal nortasun edo identitatean eragina izateko ahalmena ere».

Hainbeste urte atzera begiratuz gero, idazketan 21 urteko ikasle hura errekonozitu duela esan du. Memoria ariketa bat izan da eta ahaztuta uste zituen zenbait anekdota gogoratu ditu. Beste askorentzat berriak izango dira. Eta bitxiak. Mikel Laboari Bartzelonarako trenean gertatu zitzaiona bezala, kasu. Nonbait, gitarra jotzen ari zen, kantari, ezezagun bat gerturatu zitzaionean. Honek, gabardinaren azpitik atera zuen azalean ikurriña zuen Mixel Labegerieren disko bat eta luzatu egin zion. Hartzeko eta entzuteko. «Tori, euskaraz kantatu behar duzu, hemen dituzu euskaraz kantu berriak», esan omen zion. Laboak berak kontatu zion Aristiri pasadizoa… eta bai, Bartzelonako pisura ailegatzean entzuten jarri zela. «Horrek aldatu zuen joera. Aurretik ere [Laboak] izango zuen euskaraz kantatzeko asmoa, baina erreferente batzuk behar dira, eta aurkitu zuen ezezagun hark eman zion diskoan».