Naiz

Koldo Mitxelena Kulturuneak maiatzaren 25ean zabalduko ditu ateak berriro

KMKren irekieran fase desberdinak izango dira. Hasieran maileguak itzultzeko aukera izango da, gero maileguak eskatzeko eta ondoren maileguak zuzenean apaletatik aukeratu ahalko dituzte erabiltzaileek. Era berean, pixkanaka programazioa berreskuratuko dute.

Astelehenetik aurrera aktibitatea berreskuratuko du Koldo Mitxelenak.
Astelehenetik aurrera aktibitatea berreskuratuko du Koldo Mitxelenak.

Berrogeialdian Koldo Mitxelena Kulturunearen jarduera nagusia sare sozialen eta interneten bidez zerbitzu digitalak eskaintzea izan den arren, berriro ateak irekitzeko garaia iritsi zaie. 

Azaldu dutenez, higiene neurriei dagokienez, ireki aurretik, KMK-ko instalazio eta baliabideetan sakon desinfektatu eta garbitu dira aretoak, altzariak eta gainazalak, osasun arloko agintariek emandako gomendioei jarraikiz. Ateak irekitakoan, zentroa egunean hainbat aldiz garbituko da, eta berrogeialdian mailegatuta egon diren materialak desinfektatu egingo dira. Itzulitako materialak berrogeialdian jarriko dira apalategietara itzuli aurretik.

Beste jarduketa batzuk ere aurreikusi dira, hala nola langileen babes pertsonala zaintzea, sarreretan gel hidroalkoholikoak jartzea, osasun informazioari buruzko kartelak jartzea, sarbidea mugatzea eta edukiera zehaztea.

Irekitzeko egutegiari dagokionez, maiatzaren 25ean maileguak itzultzeko aukera irekiko da. Sarreran espazio bat egokituko da horretarako. Liburutegia ohiko ordutegian egongo da irekita: astelehenetik ostiralera 8.30etik 20.30era eta larunbatetan 8.30etik 14.00etara. Ekainaren 1etik aurrera, itzulketa zerbitzuaz gain, mailegu zerbitzuari berrekingo zaio, bi fasetan. Ekainaren 1etik 13ra maileguak aurrez erreserbatuta egingo dira soilik, katalogoaren bitartez, telefonoz edo aurrez aurre. Liburutegian bertan ere erreserbatu ahal izango dira dokumentuak, sarrerako informazio mahaian. Modu batera zein bestera, dokumentuen erreserba prestatutakoan, telefonora bidalitako mezu baten bidez jakinaraziko zaio erabiltzaileari eskaera prest duela.

Ekainaren 15etik aurrera ohiko mailegu zerbitzuari berrekingo zaio, eta apalategiak erabili ahal izango dira, nahiz eta jende kopurua eta zirkulazioa mugatuko diren. Kultur jardueren programazioa ere abiaraziko da erakusketa aretoan. Areto horrek funtzio bikoitza izango du: alde batetik, erakusketak hartuko ditu, eta, bestetik, hitzaldiak, biltzarrak eta abar hartzeko lekua eskainiko du (oraingoz jarduera aretoa ordezkatuko du).

Ekainaren bukaeran beste zenbait zerbitzu martxan jartzea aztertuko da, betiere egoeraren eboluzioaren arabera eta osasun arloko agintarien jarraibideak errespetatuz. Dagokionean emango dugu guztiaren berri.

Aurten KMK eraberritzeko eta bertako espazioak berrantolatzeko obrak aurreikusita bazeuden ere, datorren urtera atzeratzea erabaki dute.