NAIZ

Osasunaren Mundu Erakundeak Hego Amerika «covid-19aren epizentroa» dela ohartarazi du

Amerikan 2,22 milioi gaixotu daude koronabirusak jota, horietatik 310.000 Brasilen eta 104.000 Perun, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) datuen arabera.

OMEren arabera, Brasilen 310.000 infekzio kasu daude covid-19az eta 20.000 heriotzen laga gainditu dute. (Nelson ALMEIDA / AFP PHOTO)
OMEren arabera, Brasilen 310.000 infekzio kasu daude covid-19az eta 20.000 heriotzen laga gainditu dute. (Nelson ALMEIDA / AFP PHOTO)

Modu batera edo bestera, Hego Amerika koronabirusaren pandemiaren «epizentro bihurtzen ari da», ohartarazi du ostiral honetan Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) Osasun Larrialdien Programaren zuzendari Mike Ryanek.

«Hego Amerikako herrialde askotan covid-19 kasuak goraka doazela ikusten ari gara eta kezka handia badago ere herrialde horietan guztietan, gogorren kolpatuena Brasil da», esan du covid-19aren aurkako borroka gidatzen ari den bozeramaileak prentsaurreko birtual bidez.

Izan ere, Brasilen koronabirusak jotako 310.000 kasu baieztatuta daude eta 20.000 hildakoen langa ere gainditu dute.

OMEk darabiltzan estatistika ofizialei so eginez, kontinente amerikarrean 2,22 milioi kasu daude: horietatik 1,53 milioi Ameriketako Estatu Batuei (AEB) dagozkie, eta 80.500, berriz, Kanadari.

Brasilen atzetik, Peru da gaixotu gehien dituen Hego Amerikako herrialdea: 104.000 kasu ditu (beti ere OMEren arabera, Peruko bertoko agintariek 108.000 kasu kontatzen baitituzte) eta infekzio gehien dituen munduko hamabigarren herrialdea da.

Ryanek Brasili buruz hitzegin du batez ere. Osasun Larrialdien Programaren zuzendariak gogoratu du OME ez dagoela ados klorokina eta hidroxiklorokina erabiltzearen alde Brasilgo Gobernuak hartu duen hautuarekin, ez baitago behar besteko froga zientifikorik covid-19aren aurka sendagai egoki edo segurua izan daitekeela baieztatzeko.

«Ebidentzia klinikoek ez dute sendagai honen erabilera babesten, eta ez da gomendatzen gutxienez saiakuntza klinikoen emaitza argirik izan arte», ohartarazi du.

Horrez gain, OMEren Amerikako eskualdeko bulegoak, Osasun Erakunde Panamerikarra izenaz ezaguna (OEP), «ez du halakorik gomendatzeko ondoriorik atera», gaineratu du.

Brasilgo Osasun Ministerioaren protokoloa

Izan ere, Brasilgo Osasun Ministerioak, Jair Bolsonaro presidenteak hala aginduta, koronabirusaz jotako gaixoak tratatzeko protokoloa kaleratu zuen asteazkenean, zeinetan kasu arinetan klorokina eta hidroxiklorokina erabiltzea babesten zuen.

Klorokina antipaludiko eta gaixotasun erreumatikoak tratatzeko sendagaia da, eta hidroxiklorokina bere deribatua da (osagai berak dituzte), baina hobeto onartzen dela uste da.

Biak dira herrialde askotan covid-19rako balizko sendaketa gisa ikertzen ari diren botiken taldekoak.