Arnaitz Gorriti

Rafa Pueyo: «Txapeldunen Ligan izena ematea taldeak egin duen lan onaren ordaina da»

Saskibaloi Txapeldunen Liga «gorantz doan lehiaketa irekia» dela irizten dio Bilbao Basketeko kirol zuzendariak. FIBAren gonbitea jaso izana klubarentzat «aurrerapauso nabarmena» suposatzen duela gaineratu du.

Rafa Pueyo, pozarren Bilbao Basket Europara itzuliko delako. (Lauis JAUREGIALTZO / FOKU)
Rafa Pueyo, pozarren Bilbao Basket Europara itzuliko delako. (Lauis JAUREGIALTZO / FOKU)

Astean zehar RETAbet Bilbao Basketek datorren denboraldian BCL, Basketball Champions League delakoan jokatuko duela jakinarazi da, klub bizkaitarrak gonbitea jaso baitu bertan parte hartzeko.

FIBA, Nazioarteko Saskibaloi Federazioak antolatzen duen lehiaketa hau Euroligaren eta Eurocupen atzetik badago ere, maila txukuneko taldeak ditu; Txus Vidorretak zuzentzen duen Iberostar Tenerife esaterako, edo datorren urtean bilbotarrekin batera BCLan parte hartzeko gonbitea jaso duten Lietuvos Rytas lituaniara edo Daroussafaka turkiarra.

Albiste hau jakin ondorenean, pozarren azaldu da Bilbao Basketeko kirol zuzendari Rafa Pueyo ere. Bilbotarraren aburuz, «kluba egiten ari den lan onari emandako ordaina» da datorren denboraldian BCLan aritu ahal izatea.

«Saskibaloi Txapeldunen Liga indarra hartzen ari den eta gorantz doan lehiaketa da eta harro egoteko modukoa da Bilbao Basketetaz gogoratu izana», onartu du Pueyok. Bere ustez, «aurrerapauso nabarmena» suposatzen du «Europara itzuli ahal izatea» eta «zaleentzat ere erakargarriago izango da» –nahiz eta oraindik inork ere ez dakien zaleek noiz izango duten kantxetara itzultzeko baimena–.

Bilbao Basketeko kirol zuzendariak «jokalari taldea osatzeko zailtasun gutxiago» izango dituela uste du ere; izan ere, «hainbat jokalarik bi lehiaketatan parte hartzea hobesten dute talde batera edo besteren batera joatea erabakitzeko orduan. Europan jokatzea kitzikagarria da halako jokalarientzat, beren kirol ibilbidearentzat aurrerapauso bat dela ikusten baitute».

Saskibaloj Txapeldunen Ligari buruz, berriz, «gorantz doan lehiaketa ireki bat» dela iritzi dio Pueyok. «Hainbat herrialdetako talde onak ari dira BCLan izena ematen», azpimarratu du.

«Presarik gabe», baina «hoberantz»

Bilbao Basketeko jokalariak hilaren 13an hasi ziren lanean konfinamentuaren ondoren. Hasieran banaka eta gero talde txikietan, «presarik gabe» baina «gero eta hobeto» ikusten ditu Rafa Pueyok «beltzezko gizonak».

«Ez daude beren memento fisiko onenean, baina hobetzen doaz. Pixkanaka, presarik gabe, baina gero eta hobeto daude jokalariak», adierazi du.

«Osasuna hobetsi dugu erritmoa larregi estutu baino. Pazientziaz ari gara jokatzen jokalariekin eta hauek gero eta hobeto eta gogotsu daude, ondorioz», amaitu du.

428.000 euro gehiago

Hori gutxi ez eta, ‘Deia’ egunkariak jakitera eman duenez, Bilbao Basketek azaroan hasi zen kapital-gehikuntza amaitu du azkenean eta orotara, 428.000 euro pilatu ditu. Hala, orotara, klubak egun duen kapital soziala 1.203.360 eurokoa da.

Ez da gutxi, talde bizkaitarrak oraindik hiru milioi euro inguruko zorra kitatzeke duela aintzat hartuz gero. Hala, kapital-gehikuntzak eta otsailean Axel Bouteille Unicajari saldu izanak ekarritako diru etorriak nolabaiteko babesa damaio klub bilbotarrari, jakinda denboraldia berrekingo ez balitz ACBko klub bakoitzak %20-25eko diru sarrera galerak izango lituzkeela, are gehiago 2020/21 denboraldia harmailetan jenderik pilatzeke hasten bada.