NAIZ

Bi aste Gipuzkoako zahar etxeetan covid-19agatik inor hil gabe

Bi aste pasatu dira covid-19a dutenen heriotzarik gabe Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Gainera, azken bi egunetan ez da kasu positibo berririk atzeman. Horiexek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eman dituen datu baikorrak.

Nuestra Señora de la Paz egoitzako emakume baten urtebetetzea ospatzen, Donostian. (Jon URBE/FOKU)
Nuestra Señora de la Paz egoitzako emakume baten urtebetetzea ospatzen, Donostian. (Jon URBE/FOKU)

Bi astetan ez da inor hil covid-19arekin Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Ez hori bakarrik, azken bi egunetan ez da kasu positibo berririk atzeman.

Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako adinekoen egoitzen egoeraren datu baikor horiek nabarmendu ditu. Sare horretan 65 zentro eta 5.425 plaza daude, eta adierazi du azken bi egunetan ez dela koronabirusa duten pertsonen heriotzarik izan. Azaldu duenez, 14 egun dira jarraian covid-19agatik inor hil gabe.

Positibo berririk eta altarik ere ez da izan. Beraz, asteburuan ez da aldaketarik gertatu.

22 lagunek birusarekin jarraitzen dute

Gaur arte, Gipuzkoako zahar etxeetan 373 adineko pertsonak gainditu dute gaixotasuna, 167 zendu dira eta 22k diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute, hurrenez hurren: %66,3, %29,7 eta %4.

Gaixo dauden 22 pertsona horiek bi zentrotan bizi dira, eta horietako bat ospitalean dago. covid-19 kasu positiboak izan zituzten 16 zentrotatik 14 geratu dira birusik gabe, honakoak: Tolosako Iurreamendi, Eibarko Egogan, Irungo Caser Residencial Anaka, Zarauzko Santa Ana, Hondarribiko Caser Residencial Betharram, Zumaiako Otezuri, Donostiako Aita Etxe, Beasaingo Arangoiti, Donostiako La Paz, Ordiziako San Jose, Zumarragako Argixao, Eskoriatzako Jose Arana, Eibarko San Andres eta Arrasateko Iturbide.