NAIZ

Talde feministak, osasun krisi honetan handiagoa den militarizazioaren aurka

Emakumeok Gerraren Aurka eta Armiarma talde feminista antimilitaristak deituta, elkarretaratzea bana egin dute igande honetan Bilbon eta Gasteizen, Bakearen eta Armagabetzearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Egunean. Lorpenak ospatzeaz gain, osasun krisi honetan gertatzen ari den militarizazioaren indartzea salatu dute.

Gerraren aurkako elkarretaratzea, Gasteizen. (Raul BOGAJO/FOKU)
Gerraren aurkako elkarretaratzea, Gasteizen. (Raul BOGAJO/FOKU)

Bilbon 9.30ean elkartu dira, Arriaga plazan; Gasteizen, 12.30ean, Andre Mari Zuriaren plazan, bietan beharrezko segurtasun neurriak hartuz: maskarak jantziz eta elkarren arteko distantziak zainduz. Bakearen eta Armagabetzearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Eguna da igande honetan, eta mobilizazioak antolatu dituzte Armiarma talde feminista antimilitaristak eta Emakumeok Gerraren Aurka taldeak.

Andra.eus webgunean jasotzen denez, emakumeek gerraren aurkako borroketan lortutako hainbat garaipen ospatu dituzte, eta gerrei eta horiek posible egiten dituzten industriei –«adibidez, gure herriko arma industria»– aurre egiten jarraitzen duten milaka emakumeren lana balioan jarri dute.

Bestalde, bizitzen ari garen osasun krisiak zein zaurgarriak garen eta jendarte eredua birpentsatzeko zer premia dugun agerian jarri duela nabarmendu dute.

«Botereak kale eta hedabideetan militarren presentzia areagotu izanak alertan jarri gaitu, jendartea are gehiago militarizatzeko arriskuaren aurrean», adierazi dute irakurri duten agirian.

«Armadak soluzioaren parte direla sinetsarazi nahi digute. Segurtasun `uniformatua´ saldu nahi digute. Militarren irudiak erakusten dizkigute egoitzak, aireportuak, tren geltokiak desinfektatzen, inongo txalorik jaso gabe eta sarri modu prekarioan lehenagotik lan hori egiten zutenak eta etorkizunean egiten jarraituko dutenak ahantziz», azpimarratu dute.

Erantsi dutenez, gaur egungo militarizazioaren testuinguruan, beldurrak, baliabide faltak, murrizketek gehiago kaltetzen dituzte egoera zaurgarrienean dauden kolektiboak, hala nola emakumeak eta munduko toki ugaritako gerretatik eskapo egin duten pertsonak.

Gerra, indarkeria patriarkalaren «adierazle bortitzena»

«Antimilitaristak eta feministak gara, eta hiltzen gaituzten armada eta armen aurrean, bizitza eta zaintzak erdian jartzeko premia berresten dugu, gerrak indarkeria patriarkalaren adierazgarririk bortitzena direla ulertzen baitugu», azaldu dute.

«Gure feminismoek bizitza jartzen dute erdian. Pertsona guztientzako bizitza duin bat. Horregatik, gerren kontra daude erabat. Sarri emakumeen gorputza helburu eta sari bihurtzen duten gerren aurka. Hondamendia, heriotza, miseria eta lekualdatze behartuak ekartzen dituzten gerren aurka».

Gerrak sistema kapitalistaren zutoin garrantzitsuetako bat ere badirela erantsi dute. «Interes geoestrategiko eta ekonomikoengatik eragindako gerrak, herrien lehengaiak eta baliabide naturalak kontrolatzeko. Transnazional boteretsu, elite ekonomiko, gobernu eta instituzioen oniritziarekin egiten diren gerrak. Jendearen zati handi baten indiferentziarekin egiten diren gerrak. Urrunak eta arrotzak egiten zaizkielako, baina, zeharka bada ere, onura jasotzen dute».

Osasun krisi honen erdian, bizi garen jendarte eredua birpentsatzeko deia egin dute feministek, eredu hori izan baita gizateria osoa egoera larri honetara eraman duena. «Jendartea desarmatu behar dugu», aldarrikatu dute, eta «gastu militarrak gastu sozialetarako» baliatu. «Gerra hemen hasten da».