naiz

Aldaketarik ez Gipuzkoako egoitzetan: hildakorik ez, kutsatu berririk ez eta ezta altarik ere

Gipuzkoako erresidentzietan ez da inor zendu covid-19agatik, hamabosgarren egunez jarraian. Azken orduetan, gainera, ez da kasu positibo berririk atzeman. Guztira, 167 pertsona hil dira, 373k gainditu dute gaixotasuna eta 22k jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin herrialdeko adinekoen egoitzetan.

Nuestra Señora de la Paz egoitzako emakume baten urtebetetzea ospatzen, Hernanin. (Jon URBE/FOKU)
Nuestra Señora de la Paz egoitzako emakume baten urtebetetzea ospatzen, Hernanin. (Jon URBE/FOKU)

Azken orduetan ez da aldaketarik izan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, datuen azkeneko eguneraketaren arabera. Jada hamabosgarren egunez, ez da erabiltzailerik hil koronabirusarekin, eta azken orduetan kutsatu berririk ere ez da egon, ezta mediku altarik ere, Eider Mendoza foru bozeramaileak argitu duenez.

Hortaz, herrialdeko 65 zentroetan, iragan martxoaren 19an lehenengo kasu positiboak agertu zirenetik, 167 pertsona hil dira, 22k diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute egun eta 373 lagunek gainditu dute gaixotasuna; hurrenez hurren, %29,7, %4 eta %66,3.

Une honetan, soilik erresidentziak daukate covid-19aren frogan positibo eman duen adineko pertsonaren bat, eta horietako bat ospitalean dago. Gainontzeko 63 egoitzetan ez dago diagnostiko positiboa duen inor. Orotara, 5.425 plaza ditu Gipuzkoako adinekoen egoitza sareak.

Eider Mendoza foru bozeramaileak prentsara igorritako ohar baten bitartez adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasuna dela «pertsona guztien osasuna, osotasuna eta ongizatea bermatzea», eta doluminak erakutsi die senide edo gertukoren bat galdu duten herritarrei.