NAIZ

Espetxeko erizaindegian segitzen du Ruizek, gose grebaren hamabosgarren egunean

Preso txantrearraren osasun egoeran ez da aldaketa nabarmenik izan, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak adierazi duenez. Gose grebarekin jarraitzen du Patxi Ruizek, Murtziako espetxeko erizaindegian.

Preso ohiek larunbatean Donostian egindako manifestazioa. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Preso ohiek larunbatean Donostian egindako manifestazioa. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Patxi Ruizek hamabosgarren eguna du gaur jan gabe. Ostiralean utzi zuen egarri greba, baina gose grebarekin jarraitzen du. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mungimenduak azaldu duenaren arabera, Txantreako presoaren egoeran ez da aldaketa azpimarragarririk izan azken orduetan. Berrogeialdian jarraitzen du Murtziako espetxeko erizaindegian.

Larunbatean konfiantzazko medikua kartzelako medikuekin egon zen eta bere mediku-txostena ikusteko aukera izan zuen. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendutik azaldu zutenez, «egin dizkioten azterketen emaitzen arabera, Patxi egonkor dago, beti ere larritasunaren barnean».

Kartzelako osasun baldintzak salatzeko protesta batean parte hartzeagatik funtzionarioek eginiko mehatxuak salatzeko abiatu zuen protesta Patxi Ruizek. Joan den ostegun gauean Murtziako Virgen de la Arrixaca ospitalera eraman zuten, gose eta egarri grebaren 11. egunean. Ospitalean bi litro serum sartu zizkioten, eta amaren bisita jaso ahal izan zuen. Alta boluntarioa eskatu ondoren, kartzelara eraman zuten eta erizaindegian ingresatu, espetxe kanpotik itzultzean covid-19 gaitzaren prebentziorako berrogeialdia aplikatu diotelako.

Mobilizazio ugari egiten ari dira testinguru honetan, tartean baraualdiak, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak gogora ekarri duenez.

Kartzeletan ere protesta ekimen ezberdinak burutzen ari dira euskal presoak Patxi Ruizi elkartasuna adierazteko.