NAIZ

Etorkizunari buruzko kezka adierazi dute Iruñeko haur eskoletako langileek

Etorkizunari buruzko kezka adierazi dute Iruñeko haur eskoletako langileek. EPE baten ondoren egonkortasuna lortzear zeudenan, Udalak euskarazko plazen kontra harturiko erabakiek lanposutuak kolokan jartzen dituzte berriz.

Herri haur eskolaren proiektua aztertzeko Iruñean egindako agerraldia. (Iñigo URIZ/FOKU)
Herri haur eskolaren proiektua aztertzeko Iruñean egindako agerraldia. (Iñigo URIZ/FOKU)

«Iruñeko Udal Haur Eskoletako langile bezala kezka larria eta ziurgabetasuna sentitzen dut Euskararen ereduan lanean dihardugun guztion etorkizuna dela eta. Ekaina badator eta oraindik ez dakigu hurrengo ikasturtean gaurko lanpostuetara itzuliko garen, beste eskola batera joan beharko dugun edota are okerrago, kalean geratuko garen, beste kezka bat erantsi behar covid-19aren eraginez bizi dugun garai zail honi», nabarmentzen da haur eskoletako hezitzaile eta zuzendariek sinatzen duten oharrean.

Urtetan oposizioak prestatu eta gero 2019ko ekainean 91 plazako EPEaren deialdia izan zen. Langile hauentzako egonkortasun lortzeko aukera zabaltzen zela gogoratu dute. «Bizitza osoko gure ametsa zapuatuta geratu da deialdia ezabatzearekin batera eta, halaber lana, familia eta ikasketak harmonizatzen emandako urteak ere zakarrontzira jaurtiak izan dira. Non geratzen dira orain iritsezinak ziren azterketak prestatzen gure familiei eta seme-alabei lapurtu dizkiegun orduak? Nork itzuliko digu orain denbora hori?», salatu dute.

Oztopoak oztopo, proiektu pedagogiko bat martxan jartzeko lanean egon direla urtea hauetan gaineratu dute. «Proiektu horrek, Hezkuntza-talde eta Eskola gisa nortasuna emateaz gain, familiak integratu eta haien seme-alaben bizitzako zati garrantzitsu horren partaide egin nahi ditu, 0-3 etapan, hain zuzen ere. Etapa hau, ez dezagun ahantzi, haurren garapenean funtsezkoa da, non garapen afektibo, sozial, kognitibo eta motorraren oinarri eta balio hain garrantzitsuak sakontasun handiz finkatzen diren», azaldu dute.

Eredu aldaketa

«Hezkuntza arloko zein sozialak diren balio eta printzipioak partekatzen ditugun familia osatzen dugu eta horregatik sentitzen gara hain proiektu eder baten parte, bihotz-bihotzean daramagulako. Horrela bada, nola izango gara gai hau guztia mantentzeko eredu aldaketak hezkuntza lantalde osoa birrintzen badu? Ez al da hobe, lortu den guztia desegin baino, proiektu koherente eta errespetuzko batean urte luzez lanean aritu den ekipoak elkartuta jarraitzea, eskolako hizkuntza behikularra zeinahi izanda ere?», galdetu dute.

«Iruñeko Haur Eskoletako Organismoko presidentea den Fernando Sesmak emandako datuak ikusita, familien heren batek baino gehiagok seme-alabak euskara hutsezko eskola batean matrikulatuko lituzke. Ez al da erabat kontraesankorra datorren ikasturterako eskainitako plaza kopurua horrenbeste murriztea eta Iruñea osorako eskola eta erdia uztea? Zertarako egin inkesta datorren ikasturterako eskaintza murrizteko erabakia hartua zutenean?», aldarrikatu dute.

«Ikasturtea bukatzear dago, aurre-matrikulazioa martxan dago jada eta gaur gaurkoz euskarazko hezitzaile lan-taldeeekin zer gertatuko den arrastorik ere ez. Covid-19 garai honetan bizitzea ez da xamurra izaten ari, are gehiago langileok datorren ikasturtean lan egiterik izanen dugun ez dakigularik, behin eta berriz argibideak eskatu baditugu ere gure lanpostuek zalantzan jarraitzen dute», kexu dira.

«Umeak euskaraz eskolatu nahi dituzten familiak ere ziurgabetasun erabatekoan alternatiben bila ari dira, euskarazko plazak sistema publikorako berreskuratu bitartean Herri Haur Eskola bat sortu eta martxan jartzeko lanean ari dira. Antoine Saint-Exupéry-k zioen bezala: ‘Heldu guztiak, ahaztuta badaude ere, noizbait ume izan dira’. Iruñean ere ahaztuta dabiltza nonbait eta haurren eskubide eta ongizatearen kaltetan lehentasuna ematen diete batzuk unean uneko interes politikoei eta bidenabar, gizarte hobe bat eraikitzeko bidean erabateko bokazioz dugun onena ematen dugun profesionalak gutxiesten gaituzte», salatu dute.