Madelen Urietak beste urte betez jarraituko du Araski entrenatzen

«Urte bete berekin gertu-gertutik lanean eman ondoren, harro nago gurekin jarraituko duela esan ahal izateagatik», nabarmendu du Iratxe Rodriguez presidenteak.

NAIZ|2020/05/26
Made
Madelen Urieta, jokalariei aginduak ematen (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Madelen Urietak beste urte betez jarraituko du Araskiren entrenatzaile izaten. Halaxe baieztatu du talde arabarrak bere webgunean eskegitako mezu baten bitartez.

Mezu horretan azpimarratzen denez, «talde handi bat eraiki nahi badugu, lehen lana talde hori gidatuko duen teknikari talde on bat edukitzea da. Etxe bat eraikitzeko zimenduak garrantzitsuak badira, zer esanik ez entrenatzailea kirol talde batentzat. Horregatik, eta hala den urte bakoitzean esango dugun moduan, Araskiren fitxaketa onena Madelen Urietak lehen taldearen aulkian jarraitzea da».

Amurrion jaioa orain 38 urte, bizitza erdia baino gehiago darama entrenatzaile lanetan, eta etxeko taldean, entrenatzailea izateaz gain, kirol zuzendaritza ere bere gain hartuko du, jokalarien aukeraketak suposatzen duen erantzukizun handia ere bere eskuetan hartuz.

Iratxe Rodriguez presidenteak ere bere lana goraipatu nahi izan du. «Urte bete berekin gertu-gertutik lanean eman ondoren, harro nago gurekin jarraituko duela esan ahal izateagatik. Zalantzarik gabe, talde honen arima eta izpiritua bera da. Ez dago inor bera baino hobeto ordezka dezakeenik Araskiren filosofia eta balore sorta. Madek gurekin jarraitzea luxua da gure egitura dauzkagun etorkizun handiko gazte guztientzat, berarekin ikasten jarrai dezaten eta saskibaloiaz gozatzen. Oso pozik gaude», izan dira bere hitzak.

Beste hainbat sariren artean, 2019an Espainiako Entrenatzaile Elkarteak urteko entrenatzaile onenari ematen diona jaso zuen, eta ezagunak dira Espainiako selekzioarekin ere lortu izan dituen emaitza bikainak.

 

ARGAZKI GALERIA
Gaizka PEÑAFIEL | FOKU


Ostiral gauean En Tol Sarmiento Iekorako taldeak Bilboko Santana 27 aretoa hartu zuen, gazte ugari saltoka eta dantzan jarriz. Hona hemen Gaizka Peñafielek ateratako argazkien lagin bat.