NAIZ

Salbuespen legedia bertan behera uzteko eskatu diote Madrili eta Parisi Etxeratek eta Sarek

Euskal presoei ezartzen dieten salbuespen legedia bertan behera uzteko eskatu diote Sarek eta Etxeratek Madril eta Parisi Donostian egin duten agerraldian. Espetxetan koronabirusak dagoeneko zaila zen egoera bat okerrera eraman duela salatu dute.

Inaxio Oiarzabal eta Patricia Velez, Sarek eta Etxeratek Donostian egin duten agerraldia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Inaxio Oiarzabal eta Patricia Velez, Sarek eta Etxeratek Donostian egin duten agerraldia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Euskal presoek pairatzen duten salbuespen legediarekin amaitzeko eskatu diete Madrili eta Parisi Etxeratek eta Sarek gaur Donostian egin duten agerraldian.

Patricia Velezek eta Inaxio Oiarzabalek nabarmendu dutenez, euskal preso guztiak Euskal Herrira ekarri behar dira, larriki gaixo dauden presoak eta 65 urtetik gora dituztenak askatu behar dira, preso eta senideek bisitak berreskuratu behar dituzte eta gradu progresioa ahalbidetuz baldintzak betetzen dituzten presoal etxean egon behar dute.

Covid-19aren ondorioz, espetxetako egoera gogortu duela adierazi dute, «muturreko egoeretaraino eramanaz presoen eta euren senideen egoera».

«Badira horren hainbat adibide; batetik, Beatriz Etxeberria eta bere alaba Iratik bizi duten egoera, zeina, duela aste bete salatu genuen moduan, amagandik banandua egon behar izan da konfnamendu osoan zehar bi urte izan arren eta amarekin espetxean egoteko eskubidea izan arren. Aita ere, espetxean izanda, bi gurasoak ikusi gabe daramatza Iratik bi hilabete baino gehiago. Bart Etxeratek argitara eman zuen Julen Atxurra Egurrola euskal presoak jasandako buruko isuriaren kasu larria ere errealitate gordin eta jasanezin honen adierazgarria da. Eta zer esanik ez, Patxi Ruizen egoerari dagokionean, oraindik ere gose greban jarraitzen duena», gogoratu dute.

Adibide hauek muturrekoak badira, egoera orokorra zaila dela nabarmendu dute. «Gaur egun, gaixotasun larriak dituzten 17 euskal preso ditugu; 70 urtetik gorako bi preso daude, 65 urtetik gorakoak 12 eta 60tik gorakoak 24. Estatu espainiarrean kartzelan dauden presoen %80a etxetik 1.000 kilometrotik 400 kilometrora daude eta Estatu espainiarreko 200 presoetatik 158 1.graduan daude. Honi, Covid-19a dela eta ezarritako alarma egoerak ekarritako kalte gehigarriak gehitu behar zaizkio; urruntze politika dela eta indarrean den bisiten debekua, gurasoak ikusi gabe ia hiru hilabete daramatzaten motxiladun haurrak edota gaixotasunaren hedapena ekidin asmoz ezarri diren espetxe barruko neurriak, zeinaren ondorioz, espetxealdia oraindik eta bortitzagoa bilakatu den», azaldu dute.

Osasun krisiaren fase honetan neurriak hartzeko aukera badagoela azpimarratu zuten. Honekin batera, Europako eta nazioarteko erakundeek bide honetatik jotzeko gomendatu dutela gogoratu dute.

Gauzak horrela, datorrena maiatzeko azken ostirala izanda (hilak 29) mobilizaziorako deia egin dute, herriz herri antolatuko diren ekimenen bitartzez. Sarek martxan jarri duen Izan Bidea ekimena ere gogoratu dute.