NAIZ

Alestisen sinaturiko ABEEEaren aurka azaldu da batzordea

Gasteizen kokatzen den hegazkingintza arloko Alestis enpresan ezarritako Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientearen (ABEEE) kontra azaldu da enpresa batzordearen gehiengoa, LABek jakitera eman duenez.

Sektore aeronautikoan egiten du lan Alestis Taldeak
Sektore aeronautikoan egiten du lan Alestis Taldeak

Hezgazkingintzako sektoreko enpresa da Alestis. Gasteizen kokatzen da eta TIR1 lehen mailako hornitzaile azpikontratatua da Airbus, Embraer eta Boeing enpresentzat. Akzioen %75,85 Aciturri enpresa-taldearen esku dago eta 24,05% SEPI industria arloko entitate publiko espainolaren esku.

Bertan aurkeztu den Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientearen (ABEEE) kontra azaldu da enpresa-batzordearen gehiengoa, LABek jakitera eman duenez. ELA eta CGT ere ordezkatua daude batzordean.

«Arrazoi produktiboengatik egindako suspentsio ABEEE da eta lau hilabeteko iraupena izango du, 2020ko ekainaren 1etik 2020ko irailaren 9ra. 1.050 langileri eragingo die, Espainiako estatuan dauden 1.376en %60ari. Alestisek Getafe, Cadiz, Sevilla eta Gasteizen ditu lantegiak. ABEEEk 57 egunetako eragina izango du gehienez lan-esku zuzena osatzen duten langileen %80arentzat (872 pertsona), zeharkako lan-eskuaren %66arentzat eta egiturako lan-eskuarentzat, 180 langile inguruk osatua», azaldu du LABek.

«Hamabost egunean behinekoa izango den txandakako ABEEEak ez du planteatzen irauten duen bitartean langile gehienentzat langabezia prestazioak osagarritzea, zeharkako lan-eskuko 60 langilerentzat kenduta, lau hilabete osoak egongo direnak eta hilean 500 euro linealetako osagarria izango dutenak. ABEEE honen osagarri eta konpentsazioak ez dira nahikoak izango, eragindako langileei aparteko pagen eta opor-egunen %25 soilik sortuko dituztelarik. Eta larriena dena, behin amaitu ondoren ez du inolako enplegu bermerik, ziurgabetasuna eta kezka eraginez enpresa-taldeak negozioa, lantegiak eta etorkizunaren geroaren inguruan egiten duen benetako apustuaren inguruan», salatu du sindikatu honek.

«Langileek ordainduko dute»

«Gogoratu beharrekoa da ABEEE hau ia bere osotasunean ordainduko dutela langileek, diru publikoak ordainduko duen euren langabeziarekin, eta baita enpresa hau estatuaren jabetzakoa ere badela, SEPIren bidez. Gainera, nabarmentzekoa da administrazioak duen erantzukizuna sektore estrategiko honi eta estatu osoan sortzen dituen zuzeneko eta zeharkako enpleguari eusterako orduan. Hortaz, estatu mailako ente honen inplikazioa exijitzen dugu sektorearen etorkizunean eta honi lotutako enpleguetan. Aipatu exijentzia Eusko Jaurlaritzari ere egiten diogu, industria politikan dituen eskumenak kontutan izanda», gaineratu du.

«ABEEE hau nola negoziatu den ere salatu nahi dugu. Estatu mailako negoziazioa inposatu dute enpresak berak eta CCOO eta UGT sindikatuek. Gainera, ez ditu kontutan izan lan-zentro ezberdinetako errealitatea eta berezitasunak, kasu honetan Gasteizkoak, ezta bere ordezkaritza sozialak (enpresa-batzordeak eta pertsonaleko delegatuak) ez sindikalak (LAB, USO, Independienteak), bere nahiak inposatu eta patronalaren interesen neurrira egindako ABEEE sinatuz», gaineratu du LABek.