NAIZ

Bilboko udaltzainei euskaraz egiteko eskatzeagatik Zarragari ezarritako isuna, bertan behera

Bilboko epaitegi batek bertan behera utzi du 2018ko Aste Nagusian hiriko Udaltzaingoak Arkaitz Zarraga Hau Pittu Hau konpartsako kideari, «Mozal Legea» delakoa aplikatuta, ezarri zion 900 euroko isuna.

Euskaraz egiteko eskatzeagatik ezarri zion isuna Bilboko Udaltzaingoak Zarragari. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Euskaraz egiteko eskatzeagatik ezarri zion isuna Bilboko Udaltzaingoak Zarragari. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Twitter bidez jakinarazi du Zarragak ez duela isunik ordaindu beharko udaltzainei euskaraz egiteko eskatzeagatik. 2018ko Bilboko Aste Nagusian udaltzainei euskaraz egiteko eskatu eta 900 euroko isuna ezarri zioten hauek Zarragari, «Mozal Legea» aplikatuta.

Aipatu datan, Udaltzaingoko agente batek Zarragari leporatu zion zebra-bide batetik igaro ondoren trafiko-arau-haustea egin zuela. Zarragak azalpenak eman zizkion eta elkarrizketa euskaraz egiteko eskatu zion. Zarragaren arabera, Udalak uko egin zion. Egun batzuk beranduago, 600 euroko isuna jaso zuen etxean ustez bere burua ez zuelako identifikatu nahi izan, eta 300 euroko beste bat poliziako agente bat iraintzeagatik.

Sententzia aldekoa eta irmoa bada ere, salatu du epaia «erdara hutsean» idatzita dagoela, eta ez diola erreferentziarik egiten euskaraz artatua izateko eskubideari. Soilik bere edukazio txarra aipatzen du sententziak, esan duenez.

Hala, adierazi du ez dagoela sententziarekin «konforme». «Argi dago justizia horrek ez dakarrela Justiziarik euskaldunontzat. Kontua da administrazio guztiek berdin egin behar duten. Batzuek badute aldatzen hasteko garaia!», agertu du Twitterren.

Hau Pittu Hau konpartsako kideak epaitegietara jo zuen 2019ko abenduan, isunaren kontra egiteko, eta ostiralean eman du sententziaren berri. Bere esanetan, sententzian onartzen da udaltzaingoek «gezurra» esan zutela Zarragak identifikatzeari uko egin ziola esatean, baina jasotzen du Zarragak oihu egin ziela eta jendea erakartzeko ahalegina egin zuela.

«Zentzugabekeria», konpartsen ustez

Epaia jaso ondotik, Bilboko Konpartsek ohar baten bidez agertu dute epaiketaren prozesua «zentzugabekeria» eta hizkuntz eskubideen kontrako erasoa» izan dela hasieratik, eta epaiak ez duela hori konpontzen. «Gainera, azken urteotan Bilboko Udaltzaingoak hartutako norabide erasokorraren isla izan da auzia», esan dute. Zehazki, haien ustez Juan Mari Aburto alkateak markatu dio Udaltzaingoari norabide erasokor hori.

Udalaren segurtasun-politikarekin erabateko desadostasuna agertu dute Bilboko Konpartsek, eta, horrez gain, «ustezko segurtasun hori» bermatzeko erabiltzen diren jarrerak eta ekintzak Udalari «eskuetatik ihes» egin diela adierazi dute.