Asier AIESTARAN

Leire Etxanizek ez du jokatuko Emakume Master Cup txapelketaren finalerdia

Emakume Pilotarien Elkarteak (EPE) argitaratutako oharrean azaltzen denez, etxebarriarrak jokatzeko oraindik «goizegi» dela uste du, pilotariek denbora asko daramatelako «ganoraz entrenatu gabe». Elkartearen ustez, antolatzaileak «bere probetxu eta interes propioak lehenesten» ari dira, «pilotarien behar eta nahiei begiratu beharrean».

Leire Etxaniz, lau eta erdiko finalean (Juanan RUIZ / FOKU)
Leire Etxaniz, lau eta erdiko finalean (Juanan RUIZ / FOKU)

EPEk, Emakume Pilotarien Elkarteak, jakinarazi duenez, elkarteko kide den Leire Etxaniz pilotari etxebarriarrak ez du parte hartuko Emakume Master Cup txapelketaren binakako finalerdietan.

Etxanizek Irantzu Etxebesterekin jokatu behar zuen Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendiren kontra. Finalerdiak martxoaren 14an ziren jokatzekoak berez, baina atzeratu egin behar izan ziren. Orain, antolatzaileek ekainaren amaieran jokatzea proposatu dute baina EPEren oharrean azaltzen denez, pilotariaren ustez «goizegi da oraindik, pilotariek denbora asko daramate ganoraz entrenatu gabe, eta Master Cupen arabera, bata bestearen atzetik jokatu beharko lirateke semifinala eta finala (ekainaren 26an eta 28an, hurrenez hurren)».

Gaineratzen denez, Etxaniz «familian gertutik bizitzen» ari da Covid-19aren eragina, eta horregatik «bere lehentasunak beste batzuk dira, eta koherentziaz jokatzea lehenetsi du».

Oharrean nahiko kritiko ageri da Emakume Pilotarien Elkartea Master Cup lehiaketaren antolatzaileekin. Dioenez, antolatzaileek «ordezkoak bilatu» dituzte, baina kontuan izan behar omen da Etxanizek «data horietan ez zuela jokatuko» esan ziola antolakuntzari, «osasun larrialdia eta horrek ekarri dituen entrenamendu falta kontuan hartuta, baina berak ez dio txapelketari uko egin».

EPEren ustez, «kirol testuingurua ikustea besterik ez dago, profesional zein federatuen txapelketa eta partidu guztiak bertan behera geratu dira, eta oraindik ezin da jakin noiz hasiko diren», eta horrek erakusten du «egitura duin baten eta ardurazko erabakien falta dagoela txapelketa honetan».

Kontuan izan behar da Etxaniz egungo pilotari onenetakoa dela, eta batez ere Master Cup lehiaketan, EPEk gogoratzen duen moduan jokatutako txapelketa gehienak berak irabazi dituelako: binakako hiru txapelak eta banakako bi txapel (jokatutako hiruetatik).

EPE elkarteak dio «lanean» ari dela «pilotarien baldintzak hobetzeko, bai txapelketa honetan eta baita, orokorrean, pilotaren munduan ere». «Egitura duin eta serio baten alde apustu egiten du elkarteak, eta federazioekin elkarlanean, hori sustatu nahi du bai txapelketa publiko zein pribatuetan. Horregatik, babes osoa azaltzen dio elkarteko kide den Leire Etxanizi, bere erabakiarekin elkartearen koherentzia mantendu duelako, emakume pilotarien baldintza onak eta gizarte osoaren segurtasuna, ardura eta kalitatezko aisialdia bermatzeko pausuak emanez».

«Azken batean, gure jarduna gizartearen aisialdiaren parte ere badelako, eta horregatik, kalitatezko entretenimendua sustatu nahi dugu, gure baldintzak eta erabakiak errespetatuko dituena eta, horretarako, halako osasun egoera baten aurrean arduraz jokatzea dagokigu. Horrez gain, EPEk adierazten du desadostasuna agertzen duela Master Cup txapelketak hartutako jarrerarekin, pilotarien behar eta nahiei begiratu beharrean bere probetxu eta interes propioak lehenesten ari delako», jarraitzen du elkartearen oharrak.

Azkenik aipatzen denez, «EPEk eskua luzatzen dio elkarlanean jardun nahi duen orori, eta horrenbestez, baita Master Cup txapelketako antolatzaileei ere, guztion onurarako arituko bagara. Denoi dagokigu pilotaren egitura duina lortzeko ardura, gizon zein emakume, pilotari guztien mesedetan».