Bizkaiko pentsionistak kalera itzuliko dira ekainaren 1ean

Maiatzaren 18an eta 25ean egin zuten bezala, astelehenean, ekainak 1, Bizkaiko Pentsionisiten Mugimendua kalera aterako osasun-neurriak betez. Pandemian hildakoak gogoan izango dute, osasun arloko langileen lana txalotuko dute eta aurreikuspen eza eta murrizketak salatuko dituzte.

NAIZ|2020/05/31
Pensiones25m
Maiatzean Bilbon egin zuten elkarretaratze baten irudia. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Ekainaren 1ean, astelehenarekin batera, Bizkaiko Pentsionisten Mugimendua kalera aterako da osasun-neurriak betez. «Elkarretaratze horietan, pandemian senitartekoren bat galdu duten pertsonei gure isiltasunarekin lagunduko diegu, osasun-arloko eta gizarte-laguntzako langileen lana eskertuko dugu, eta osasun-sisteman eta sistema sozio-sanitarioan izandako aurreikuspenik eza eta murrizketak salatuko ditugu, pandemiaren ondorio negatiboak areagotu baitituzte, bereziki adinekoak eta egoitzetan hildakoak», azaldu dute.

«Baina ez gara gertatutakoa deitoratzera mugatuko, eta horregatik eskatu diegu Erakundeei informazio osoa, egiazkoa eta objektiboa. Osasun Sailak eta foru aldundiek eskatu dizkiegun datuak publiko egiteko zain jarraitzen dugu; berriz diogu; neurri eraginkorrak hartzeko, informazio zuzena eduki behar da, osasun-krisian gertatu dena berriz ez gertatzeko neurriak hartu behar baitira», gaineratu dute.

Aukera berriak

«Krisi honek ere aukera berriak ematen dizkigu neurri sozial eta ekonomikoak hartzeko. Bideraezinak dira, eta ezin dira errepikatu aurreko krisien murrizketa eta austeritate neurriak; izan ere, neurri horiekin, pertsona aberatsenek aberatsagoak egin ziren eta pobrezia, prekarietatea, bizi eta lan baldintza txarrak eta zerbitzu publikoen pribatizazioa eta murrizketak areagotu dira», azaldu dute Bizkaiko pentsionistek.

«Aukera berri horiek pertsonen beharrak jarduera ekonomikoaren erdigunean jartzetik, kalitatezko enplegua sortzea bultzatzetik eta bizitzarekin eta ekosistemekin harmonian egindako inbertsio produktiboa gutxi batzuen interesen eta espekulazioaren gainetik jartzetik etorriko dira», aldarrikatu dute.

«Berehala jardun behar da pertsonen diru-sarrerak bermatzeko eta areagotzeko, eta orain inoiz baino gehiago erantzun behar zaie gure belaunaldiarentzako eta etorkizunekoentzako premiazko aldarrikapenei, Pentsiodunen Mugimendu gisa aldarrikatzen ari garenari. Pertsona orok dauka eskubidea, lanpostu duina izateko, zerbitzu publiko unibertsalak eta bizi-baldintza duinak lortzeko aukera ematen dien gizarte-prestazioak; horretarako baliabide nahikoak daude, borondate politikoa baino ez da falta. Hori da gobernuei eskatzen ari garen aldaketa», erantsi dute.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.