J.S.

Deusto Sistemas taldeak taberna eta dendetako edukiera kontrolatzeko sistema abiarazi du

Covid-19ak eragindako konfinamendua arintzeko prozesua bete-betean den honetan, ostalaritza sektoreak sistema berriak eskatzen ditu jatetxeetako eta tabernetako edukiera kontrolpean izateko eta langileen eta bezeroen osasuna eta segurtasuna bermatzeko.

Garatutako kontrol sistemak QR kodeak ditu oinarri.
Garatutako kontrol sistemak QR kodeak ditu oinarri.

Ondorioz, ostalaritza sektorea irtenbideak bilatzen ari da. Bien bitartean, kontsumitzaileek establezimenduen unean uneko eskuragarritasunari buruzko informazioa bilatzen dute.

Bada, Deusto Sistemas lanean aritu da berak garatutako Batto sistema bi behar horietara egokitzeko; hala, jakinarazpen-plataforma ostalaritzako edukiera kontrolatzera eta «retail» sektorera birbideratu du.

Erabiltzeko oso erraza da: bezeroa establezimendura sartzean telefonoarekin QR kode bat eskaneatzen du eta irtetean berdina egiten du, horrela une oro lokalean dagoen pertsona kopurua digitalizatuz. 

Aireportuetako edo Bilboko autobus geltokiko «check in» sistemak gogora ekar ditzakeen Batto sistemak bi helburu ditu: araudia betetzen dela kontrolatzea eta taberna edo jatetxe batera joan nahi dutenek aldez aurretik egiaztatu ahal izatea lokalaren unean uneko edukiera.

Azken helburu horrekin mapa bat garatzen ari da Deusto Sistemas, kolore sistema baten bidez lokalera gerturatu beharrik gabe bertan une oro dagoen bezero kopurua jakiteko aukera ematen duena –gorria beteta dagoenean, laranja ezarritako mugaren %80ko edukierarekin eta berdea espazioa nahikoa libre dagoenean–.