ANDONI ARABAOLAZA

Oriane Bertonek 8c zailtasuneko bloke bat egin berri du 15 urterekin

Nerabe frantziarrak "Satan I helvete bas"-en (Fontainebleau) lehen igoera sinatu du. 8c maila lortzen duen munduko laugarren emakumezkoa da.

8c zailtasuneko boulder bat 15 urterekin? Zaila da konprenitzea edo jarduera horretaz erabat jabetzea. Baina Oriane Bertone nerabe frantziarrak arrakasta hori erdietsi berri du. Covid-19 birusak eragindako pandemiaren osteko deseskaladan izan da, eta, antza denez, eskalatzaile hau oso sasoiko iritsi da denboraldi "berrira".

Fontainebleaun jo eta su jardun du, eta maiatzaren 16rako bere lehen 8a igo zuen: "Fata Morgana". Bi egun beranduago, bloke horren aldaera bat eskalatu zuen; hain zuen ere 8a+ mailakoa. Eta 23rako 8b zailtasunera egin zuen salto "Fata I helvete"-rekin.

Bloke horretatik irten gabe, bi egun beranduago "Santan I helvete" (8b+) patrikara eraman zuen, eta maiatzaren 27an bere jardun nagusia: "Satan i helvete bas". Boulder horretatik jaitsi bezain laster, Bertonek 8c maila proposatu zuen. Eta ohore hori izan du, blokearen lehen igoera egin duelako.

Azpimarratzeko modukoa da 15 urteko eskalatzailea korapilo hori askatzen ari zen bitartean, "bleausard" bezala ezagunak diren espezialista handi batzuekin ekinaldiak partekatu zituela: Jeremy Bonder-ekin, Charles Albert-ekin…

Hori aipatu ondoren, esan behar dugu nerabe horrek eskalatu duen "Satan I helvete bas"-ek historia baduela. Berez, "Fata Morgana"-ren muturreko aldaera bat da; hots, muturrekoena. 8b+ maila jaso zuen, baina 2013. urtean blokearen helduleku bat hautsi zen; hain zuzen ere, giltza dena. Bloke hori behetik hasita hainbat saio jaso ditu, baina Bertone izan da "mamu" horrekin amaitu duena.

Laugarren neska

Jardun horri esker, 8c maila lortu duten emakumezkoen taldean sartu da frantziarra. Laugarrena izan da. Ashima Shiraishi izan zen esfera horretara lehena heldu zena. 14 urterekin, "Horizon" (Japonia) eskalatu zuen. 2016. urtea zen, eta bi urte beranduago Kaddi Lehmann-ek ere 8c bat igo zuen: "Kryptos" (Suitza). Iaz, berriz, Mishka Ishi batu zitzaien "Byaku-dou" (Japonia) sinatu ondoren. Soilik 13 urte zituen. Bertone, 15 urterekin, laugarren neska izan da.

Irakurtzen den bezala, 8c mailara heldu diren lau eskalatzaile horietatik hiru oso-oso gazteak dira. Asko dira jarduera horiekin harritzen direnak; izan ere, zailtasun horretan murgiltzen direnak gizonezkoak dira. Hori gutxi ez, eta muturreko zailtasuna egiteko eskuarki indarra ezinbestekoa dela aldarrikatzen da. Bada, neska nerabe horiek erakutsi dute beste "trikimailu" batzuk dituztela. Besteak beste, malgutasuna eta pisu gutxi. Hori ez da asmakizun bat, albistea osatzen duen bideoak horrela adierazten du.

Azkenik, aipatu behar dugu 15 urteko frantziarra boulderrean ibilbide oparoa izaten ari dela. Nahiz eta bere jardun nagusiak Frantzian bertan mugatzen dituen, Bertonek, adibidez, hainbat bidaia egin ditu Hegoafrikan dagoen Rocklands-etara. 11 urterekin, bere lehen 8b igo zuen: "Fragile steps". Eta hurrengo urteko bisitan: "Golden shadow" (8b+).