NAIZ

Presoen auziari konponbide integrala emateko adostasunak badaudela dio Foro Sozialak

Foro Sozial Iraunkorraren iritziz, presoen auziari irtenbidea emateko azken asteotan «urrats garrantzitsuak» egin dira eta horregatik nabarmendu du «adostasunak are gehiago finkatu» direla auzi horri behin-betiko konponbide integrala emateko.

Presoen aldeko martxa ibiltaria, joan zen ostiralean Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Presoen aldeko martxa ibiltaria, joan zen ostiralean Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Foro Sozial Iraunkorrak ohar batean adierazi duenez, «oso testuinguru zailean –covid-19, azken gertakariak eta ika-mika politikoak–, presoen auziaren konponbideak leku garrantzitsua hartu du agenda politikoan eta mediatikoan». 

Alor horretan lan egiten duten eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialen proposamenak eta jarrerak aztertu ondoren, nabarmendu du azken egunotan «adostasunak are gehiago finkatu direla presoen auziari behin-betiko konponbide integrala eman ahal izateko, zentzuzko epe batean».

Hiru arrazoirengatik egiten du baieztapen hori Foro Sozialak. Batetik, «diagnostiko partekatu bat dago konfinamenduak eragindako egoerak presoengan dituen ondorioei buruz, sektore zaurgarria diren heinean. Eta gauza bera esan daiteke bisitak egiteko eta presoekin komunikatzeko ezintasunak senideen eta gertukoen artean sortzen dituen ziurgabetasunari eta min erantsiari buruz».

Azken batean, deskonfinamenduaren fasean «urruntzeari amaiera emateko beharrari buruzko diagnostiko partekatu bat» dagoela uste du.

Horrekin batera, Lakuako Gobernuak egindako proposamenak «sortzen duen adostasun zabala» aipatu du. Gobernua osatzen duten alderdiez gain (EAJ eta PSE), EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta Equok, «bakoitzak bere ñabardurekin, proposamen horrekin ados daudela adierazi dute, hau da, Eusko Legebiltzarraren %88k». Halaber, preso sozialekin eta motibazio politikoko delituengatik zigortutako presoekin lan egiten duten erakundeen artean sortu den babesa nabarmendu du, «baita EPPKn bildutako presoek emandako babesa ere».

Hirugarrenez, azken aste hauetan abian jarri diren ekimen politiko, sindikal eta sozialak zerrendatu ditu Foro Sozialak: espainiar Kongresuan, Gasteizko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, Batzar Nagusietan eta hiriburuetako udaletan, «eragile sozialen proposamenak, sindikatuek emandako babesa edo nazioarteko komunitatearen ekimen garrantzitsuak».

Bere hausnarketaren beste «elementu garrantzitsu bat da presoek espetxe legeriarenbarruan egin beharreko ibilbidearen alde egindako apustu irmoa».

«Garai hauetan presoek zigorrak etxetik gertu dauden espetxeetan betetzeko beharraren inguruko adostasunak zabaltzen ari dira. Izan ere, ez da sufrimenduak gehitzeko unea, konponbideak bilatzekoa baizik», adierazi du.

Ildo horretan, Foro Sozial Iraunkorrak uste du premiazkoa dela, deseskalatze prozesuaren barruan, urruntzearen amaierari heltzea, «orain adostasun politikoak eta sozialak daude eta».