NAIZ

‘Aralar, mundua leku den lurra’ dokumentala Europako Natura 2000 sarietan finalista izango da

‘Aralar, mundua leku den lurra’ pelikula, bi urtetik behin ospatzen diren Natura 2000 sarietan finalista moduan hautatua izan da. Izendapen honek, azken bi urteetan Europar Batasunean egin diren 27 ingurumen proiekturik onenen artean kokatzen du Aralarko filma.

‘Aralar, mundua leku den lurra’ dokumentalaren aurkezpena. (Andoni CANELLADA/FOKU).
‘Aralar, mundua leku den lurra’ dokumentalaren aurkezpena. (Andoni CANELLADA/FOKU).

Natura 2000 sarietan finalista moduan hautatua izan da ‘Aralar, mundua leku den lurra’ pelikula. Bost kategoria ezberdinetako sariak banatzen dira eta Aralarren inguruko dokumentala komunikazioko lan onenaren sarirako finalista izendatua izan da beste lau proiekturekin batera.

Bost kategoria hauetako irabazleak saritzeaz gain, hiritarren saria ere emango du komisioak. Azken hau, hiritarrek gehien bozkatutako proiektuari emango zaio.

‘Aralar, mundua leku den lurra’ pelikula Euskal Herriko ordezkari bakarra izango da eta proiektuaren lan taldeko kideek hiritarren saria irabazteko helburuarekin, beren proiektuak ahalik eta bozka gehien lortzeko deia zabaldu dute https://natura2000award-application.eu/finalist/3832 estekaren bitartez.

Euskal pelikula 80 antzokitan proiektatu da, 7.000 ikusle baino gehiago izan ditu eta Estatu Batuetan zein Euskal Herrian sariak irabazi ditu dagoeneko.

Proiektuaren taldeko kideek diotenez, Aralarko dokumentalaren helburua ingurune natural horren ezagutzan «sakontzea» izan da. «Pelikula ikusi duen edonork jakingo du Aralar bezalako natur inguruneak zein garrantzi duten gizartearentzat eta baita naturarentzat berarentzat ere. Honenbestez guztion erantzukizuna da hain urriak ditugun eremu naturalak babestea eta hauen kudeaketan giza-jardueren eta natur kontserbazioaren arteko oreka bermatzea», diote.