Ekonomia eta enplegua suspertzeko herri itun baten beharra nabarmendu du EH Bilduk

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak astearte honetan adierazi duenez, maiatzeko langabeziaren datuak «oso kezkagarriak» dira eta horien aurrean ekonomia suspertzeko eta kalitatezko lanpostuak sortzeko neurriak «premiaz» hartuko dituen herri itun baten beharra nabarmendu du.

NAIZ|2020/06/02
Captura_de_pantalla_2020-06-02_a_las_13.54.57
Maddalen Iriarteren agerraldia.

Agerraldi telematiko batean Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak joan den maiatzean EAEn 3.072 langabe gehiago (% 2,22) zenbatu zituzten datuek «begiak irekitzeko» eta «datorrenari neurria hartzeko» balio behar dutela adierazi du.

Azken datuen arabera langabeziak gora egin du hiru lurraldeetan, eta Gizarte Segurantzako afiliatuek behera egin dute. Aldi berean, 100.000 pertsona baino gehiagok ABEEE baten eraginpean jarraitzen dutela, eta enpresa txiki eta ertainek eta autonomoek «ziurgabetasun handia» eta «benetako larrialdia» bizi dutela gogoratu du Iriartek.

Enpleguaren inguruko datuak «gogorrak» direla dio koalizio soberanistak eta, horregatik, enpleguaren inguruko itun baten beharra nabarmendu du «lanpostuak ez galtzeko, lanaren prekarizazioari aurre egiteko eta emakume eta gizonen arteko soldata arrakala ez hazteko, besteak beste».

Gazteen langabeziari «premiazko arreta» jarri behar zaiola adierazi du Iriartek; «gaztediarekin konpromiso bat ezinbestekoa da, ez dute prekarizazioa baino ezagutu eta beraiek dira une honetan kaltetuenak».

Hala ere 45 urtetik gorako langabeak eta lana lortzeko gero eta zailtasun handiagoak dituzten kolektiboak «ahaztu ezin direla» gogoratu du.

Ekonomia suspertuko duen eta kalitatezko enpleguaren sorrera bultzatuko duen gobernua behar dela nabarmendu du Iriartek, «egiazko politikak egingo dituena, ekonomiako arlo eta eragile guztiekin eskuz esku lanean arituko dena».

«Arlo ekonomikoan begirale lana egingo duen Jaurlaritza baino askoz gehiago behar du herri honek. Berrasmatzeko garaia da. Berrasmatu beharko gara, aurretik ere herri honek egin duen moduan», azaldu du.

Herri ituna

Horretarako EH Bilduk «herri itun bat» eskatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar guztiek «bizitza proiektu duin bat garatu ahal izan dezaten».

Enpleguaz hitz egiterakoan, «halabeharrez» Euskal Herrian «beti ezinbestekoa» izan den industriaz hitz egin behar dela adierazi du Iriartek. «Arreta jarri behar diegu gure enpresa txiki eta ertainei, gure ehun industriala osatzen duten ehun nagusia dira; eta arreta industri horri atxikituta dauden milaka autonomori», azaldu du.

EH Bilduren arabera, horrek «neurri estrategikoak» hartzea eskatzen du, «begirada bikoitza une honetako arazoei erantzuna emateko eta premiazko neurriak datozen hilabete eta urteetan gure herriari erantzuna emango dion industrian eraldaketa sakon bat egiteko».

Zaintza erdigunean

Bestetik, zaintza «erdigunean» jarri behar dela adierazi du EH Bilduko bozeramaileak. Gogoratu duenez, zaintza «sarri askotan» etxean edo etxetik kanpora «oso era prekarioan burutu da» eta sektore «oso feminizatua» da.

«Covid-19aren krisi honek oso agerian utzi du zer nolako egoeran zegoen orain baino lehen ere. Zaintza duintzeak eta zaintza eraldaketaren zutabe gisa hartzeak egoera hau iraultzen lagunduko du», nabarmendu du.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

NAIZ KONTZERTUAK
TAOM / FOKU
Loading player...


NAIZ Kontzertuak ekimenaren bosgarren kontzertua eman zuen ETS taldeak pasa den ostiralean Bilboko Santana 27 aretoan.