NAIZ

Indarkeria matxistaren kontrako bideo bat erretiratu du Txilek, feministek salatu ondoren

Txileko Emakumearen Ministeritzak indarkeria matxistaren kontrako bideo bat kendu behar izan du talde feministen kexen ondotik. Adineko aiton bat bere bilobari zuzentzen zaio esanez asko sentitzen duela bere bikotekidea jo izana eta egunero amonari egindakoaz damutzen dela. Minutu bat irauten duen bideoak erasotzailearekiko «enpatia» eragiten duela salatu dute talde feministek.

Emakume batek telesail bat ikusten du Santiagon etxean sartuta koronabirusa dela eta. (Martin BERNETTI/AFP)
Emakume batek telesail bat ikusten du Santiagon etxean sartuta koronabirusa dela eta. (Martin BERNETTI/AFP)

«Biloba maitea, nire printsesa. Itxialdi egun hauetan asko bota zaitut faltan, inoiz baino gehiago. Eta oso kezkatuta nago zure mutilak jo egin zintuela jakin nuenetik. Izugarri penatu egiten nau gertatu zaizuna, akaso bizitzak zure amonari egindakoarengatik zigortzen dit. Zure amona gure artean ez badago ere, gauero barkamena eskatzen diot hainbeste mindu izanagatik. Inoiz ez da berandu hausnarketa egiteko eta iraganeko akatsengatik barkamena eskatzeko».

Horixe da Txileko Emakumearen Ministeriotzak igandean sare sozialen bidez zabaldu zuen minutu bateko bideoa, indarkeria matxistaren kontrako kanpaina baten baitan. Bideoaren edukiak hasarrea eragin du mugimendu feministan eta beste hainbat sektoretan ere. 24 ordu beranduago, Macarena Santelices Emakumearen ministroak bideo kentzeko agindua eman behar izan du eta kanpaina horretatik aldentzen saiatu da.

«Berriro ere, existitzen den ahots bakarra gizonezko batena da. Damututa negar egiten duena. Erasotzaileen malkoek eta biktimizazioa ez dituzte bizitzak salbatzen», ziurtatu du Emakumeen Kontrako Biolentziaren Sareak.

«Bideoak argi erakusten du emakumearen kontrako biolentzia ez dela bere osotasunean ulertzen ezta aztertzen ere», salatu du Twitterren bidez.

8M Koordinakunde Feministaren bozeramaile Javiera Manziren hitzetan, «erasotzaileen inguruko imaginarioak inpunitatea eta empatia indartzen ditu».

Oposizioko talde politikoek adosturiko agiri batean, «biolentzia naturalizatu» egiten duela salatu dute. «Atzo amona izan zen, gaur biloba. Aitonarentzat hori bizitzak ipini dion zigor bat da. Ez da aintzat hartzen emakumeen kontrako biolenzia estrukturala dela, belaunaldien artekoa».

«Bideoan, gainera, ez dago emakumerik. Ez da onargarria Ministeritza bat, are gutxiago Emakumearena, emakumeak aintzat ez hartzea eta subjetu pasibo gisa aurkeztea», aditzera eman dute.

Kritika zorrotz horien ostean, Emakume arloaren ministro den Macarena Santelicesek bideoaren edukiarekin bat ez datorrela esan behar izan du. Bideoa egin duen sailaren zuzendariaren gainean jarri du ardura osoa.

Carolina Plazak, bideoa fikzioa bada ere, benetako testigantza batean oinarritzen dela argudiatu du. «Biolentzia matxistaren inguruan dauden errealitate desberdinak eta belaunaldien arteko desberdintasuna islatu nahi genituen. Gure ustez aldaketa kulturala belaunaldi guztietako emakumeen eta gizonen ardura da. Soilik horrela lortuko dugu indarkeria matxista familietan ez normaltzea», plazaratu du.

Plazak «jarrera biolentoen berreziketan» sinisten duela esan du. «Berreziketatutako gizon baikotzeko, eraso gehiago pairatuko ez duen emakume bat dago», erantsi du bideoaren defentsan.

Santelices maiatzaren 6an izendatu zuten Emakume ministroa. Bere izendapenak zalaparta handia eragin zuen, Augusto Pinochet diktadorearen iloba-biloba baita eta hainbat adierazpenetan diktadurak onura ekonomikoak ekarri zituela ziurtatu eta goraipatu du.