naiz

«Orain kalera aterako gara», iragarri dute Eskubide Sozialen Kartaren deialdiarekin bat eginez

Maiatzaren 29an, Euskal Herriko greba orokorretik lau hilabete betetzear zeudenean, Eskubide Sozialen Kartak jada iragarri zuen mobilizazioak deituko dituela ekainaren 19rako. Gaur, Bilboko Arriaga plazan agerraldia egin dute, eta ekainean «kaleak berreskuratzeko» deialdia jasotzen duen manifestuarekin bat egin duten 73 euskal herritarren sinadurak aurkeztu dituzte.

Manifestuaren sinatzaileek Bilbon egindako agerraldia. (FOKU)
Manifestuaren sinatzaileek Bilbon egindako agerraldia. (FOKU)

Konfinamenduaren ondoren, kalera ateratzeko deia egin du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, eta indarrak bildu ditu «Etxean geratu naiz. Orain kalera aterako gara. Burujabetza bizitzak sustengatzeko lehenik bizitza!» izenburuarekin osatutako manifestuaren inguruan.

Asteazken honetan eman dute manifestuko lehen sinatzaileen berri. Batetik, azken hilabeteotan bizitzaren aldeko borrokan nabarmendu diren sektoreetako langileek (osasungintza, zaintza, merkataritza…) adierazi diote atxikimendua manifestuari, eta bestetik, esparru ezberdinetako pertsona ezagunak (kulturgintza, kazetaritza, mundu akademikoa), sindikalgintza eta herri mugimendu anitzetako kideekin batera.

Izen batzuk aipatzearren, ondorengoek sinatu dute agiria: Jon Maia bertsolariak, Jule Goikoetxea filosofo eta aktibista feministak, Aguxtin Alkhat musikariak edo Tamara Claveria AMUGE ijitoen elkarteko kideak.

Agerraldian, hilabete hauetan bizitzaren aldeko borrokan lehen lerroan aritu diren sektoreetako langileek eta manifestuari atxikimendua eman dioten pertsona ezagunek hartu dute parte.

Agiria

«Etxean geratu naiz. Orain kalera aterako gara. Burujabetza bizitzak sustengatzeko, lehenik bizitza!» izeneko testuak merkatuaren aurrean, pertsonak, komunitatea eta planeta babestearen alde egiten du. Krisiaren osteko «errealitate berria» aldarrikatzen dute sinatzaileek.

«Azken hamarkadetan gobernatzen gaituztenek hartu dituz­ten neurriak neoliberalak izan dira eta horrek kolapso egoe­rara eraman gaitu. Sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista, ekozida, kolonialistak eraman ditu gure bizitzak ko­lapsora. Banka erreskatatu, zerbitzu publikoetan etengabe­ko murrizketak egin, lan erreformen bidez soldatapeko lana aseezina den merkatuaren menpe utzi eta beharrezkoak diren lanak ezkutuan mantentzeko politikak egiten dira egu­nero-egunero gurean», agertzen da idatzian.

Hala, herritar guztiendako eskubide guztiak aldarrikatzen ditu eta lanak berraltolatzearen alde egiten du: «Lana banatu, kalitatezko enplegua sortu, jendarte kontrola bermatu eta lan egiteko bizi baino, bizitzeko lan egin behar dugu»

Modu berean, sistema publikoa indartzea galdegiten du, «kronifikatu den» pobrezia eta prekarietateari aurre egiteko.

Krisi hau sistema kapitalistak sortu duela iritzi diote sinatzaileek eta, beraz, gehien duenak gehien ordain dezala eskatzen dute, horretarako erreforma fiskal «sakonak» bultzatuz.