Nafarroako talde guztiek, NA+ eta PSN barne, muga irekitzearen alde egin dute

Nafar Legebiltzar osoaren aldeko bozkarekin, «Iparraldeko herritarrei mugako saltokietara sartzeko baimena» eskatu dio Madrilgo gobernuari Geroa Baik aurkezturiko ebazpenak. Bestalde, «mugaz gaindiko lankidetza politika aktiboak sustatzeko» eskabidea egin zaio Maria Chivitek gidatzen duen Nafarroako Gobernuari ere.

NAIZ|2020/06/04
Muga
Nafarroako mugaz bestaldeko herritarrei saltokietara sartzen uzteko eskatu du Nafar Legebiltzarreko Osoko Bilkurak. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Nafarroako Legebiltzarreko Osoko Bilkurak aho batez onartu du ostegun honetan Madrilgo Gobernuari «Iparraldeko herritarrei mugako saltokietara sartzeko baimena emateko» ebazpena.

Mozioak bigarren puntu bat ere jaso du; horren arabera, Pedro Sanchezen Gobernuak «Nafarroako mugaz gaindiko espazioa kontuan hartu behar du gaur egun abian dagoen deseskalatze-prozesuan, ahalik eta lasterren kontuan har daitezen merkataritza, turismo, abeltzaintza, osasun, kultura eta familia-esparruak malgutzeko neurriak, bai eta Europako mugaz gaindiko proiektuen kudeaketa ere».

Era berean, hirugarren atal batean, Maria Chivite buru duen Gobernua bultzatu nahi izan du ebazpen horren bidez «Euroeskualdearen esparruan eta zuzenean ukitutako toki-erakundeekin batera, mugaz gaindiko lankidetzarako politika aktiboak sustatu ditzan. Hala, koronabirusaren krisiak gehien erasandako sektoreak eta garrantzi berezikotzat jotzen direnak barne har ditzaten, datozen urteetarako Nafarroako eta Europako ildo estrategikoen esparruan».

Halaber, Foru Gobernuari eskatzen zaio «mugaz haratagako plan estrategiko bat egin dezala, ondoko lurraldeekin, toki-erakundeekin, elkarteekin eta herritarrekin partekatutako azterketa batetik abiatuta, bere arazo eta erronka nagusiei aurre egiteko eta konponbidea ematen saiatzeko».

Era berean, «egungo alarma egoeraren ondoren aplikatu beharreko suspertze neurrien barruan mugak ixteak izango duen eragina kontuan hartzeko» eskatu die erresoluzio honek Nafarroako eta Madrilgo exekutiboei. «Kaltetutako herrietako biztanleentzat ahalik eta susperraldi ekonomiko eta enplegu susperraldi azkarrena ahalbidetzeko», hain zuzen.

Navarra Sumak eskatuta, ekimenaren bultzatzaile izan den Geroa Baik onartu du eransteko zuzenketa, zeinetan Madrilgo eta Iruñeko gobernuak animatzen dituen «covid-19 pandemiaren bolada berrien edo antzeko egoeren aurrean Europar Batasun osoaren erantzun koordinatua sustatzera».

Erantzun horrek Europako herritarren mugimendu askea murriztu beharko du Batasunaren lurraldean, «beharrezkoa den gutxienekoa, segurtasun eta osasun publikoko inguruabarrek gomendatzen dutenaren arabera», azaldu dutenez.

Halaber, «mugaz gaindiko eskualde eta herrien errealitate sozio-ekonomikoa kontuan hartu beharko du. Era berean, mugak ixtea eta irekitzea modu sinkronizatuan egin beharko dira eragindako estatuetako administrazioen artean», ebatzi du onartutako testuak.

Gainera, Navarra Sumak proposatuta, erabaki da «ebazpen hau Europako erakundeei helaraztea, edukia kontuan har dadin hurrengo Europako Berreraikuntza Planaren irizpideak egitean».

Aitzitik, ez da onartu Navarra Sumaren zuzenketa bat, Madrilgo eta Parisko gobernuei «malgutze neurriak» eskatzeko, «modu koordinatuan, mugaz gaindiko espazioan deseskaladari ekiteko, mugako eskualde eta herrien errealitate sozio-ekonomikoa kontuan hartuta».

Izan ere, Geroa Baik bultzatutako ebazpenak Ipar Euskal Herriarekiko gertu bizi direnen «espezifikotasuna» aldarrikatu du, aisialdi, gizarte, familia, merkataritza, ekonomia eta kulturaharremanek mugak gainditzen dituztenez, normaltasuna azkar berrezartzeko eskatzeko.

Hala egin du Eskualdeetako Lantaldeak berak, «covid-19 krisiak mugaz gaindiko lankidetzari eragiten dion moduagatik kezkatuta».

Testuinguru horretan, ohartarazi dutenez, «merkataritzako 50 enpresa nafar baino gehiagok 1.200 pertsonari ematen diete lan zuzenean eta beste 900 pertsonari zeharka», eta «itxi egin behar izan dute, bezeroen %90 baino gehiago Iparraldekoak direlako».

Ohartarazi dutenez, Bera, Urdazubi edo Luzaide bezalako udalerrietan sektore hori «enplegu sortzaile nagusia da, eta funtsezko faktorea da biztanleria lurraldeari finkatzeko, argi eta garbi landa-eremuan».

Europar Batasuneko herrialdeek mugak itxi ondoren Iparraldetik gertu dauden lurraldeetan «ondorio kezkagarriak» izaten ari direla aintzat hartuta, «Nafarroako alde honetako errealitateak ez du zerikusirik deseskalatze prozesua markatzen ari diren beste batzuekin» azpimarratu da. Horregatik, erritmoak beren berezitasunetara egokitzeko deia egiten du onarturiko ebazpenak azken buruan.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

ARGAZKI GALERIA
Gaizka PEÑAFIEL | FOKU


Mungiako laukoteak NAIZ Kontzertuak ekimenaren seigarren gaua erre zuen ostirala gauean. Sanagustin Kulturunea, eliza zaharra musikari emana. Rock-ak: 1 - Jainkoak: 0. Ibilbide labur baina sakonean sortutako klasiko eta kaleratzear dauden abestientzako lekua egon zen; hori bai, kanta zaharrak edo ezagunak soineko berriekin aurkeztuta.