ANDRES OSA «SAKONA»

Egur Sporten aizkolari eta harrijasotzaile txapelketak ekainaren 27an hasiko dira

Non izango den erabakitzeke dagoen arren, bederatzi aizkolarik hartuko dute parte gizonezkoen Urrezko banakakoan, sei harrijasotzailek gizonezkoen "Hiru Hamarreko" txapelketan, eta beste hiru harrijasotzailek emakumezkoenean.

Euskal Herriko azken finalistak lehiara itzultzeko prest dira (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Euskal Herriko azken finalistak lehiara itzultzeko prest dira (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Urte berezi honetan, Egur Sportek antolatutako txapelketek ere bidea ireki nahi dute eta lehiaketa interesgarriak ikusteko aukera izango dugu.

Urrezko Aizkolarien txapelketan bederatzi aizkolari neurtuko dira. Hasiera, ekainaren 27 izango da, nahiz eta non izango den erabakitzeke dagoen. Final-laurdenetako neurketak hauek izango dira: Jon Rekondo Iñaki Azurmendiren aurka –irabazleak Iker Vicente izango du aurkari finalerdian; Ruben Saralegi Ugaitz Mugerzaren kontra –irabazleak Julen Alberdi "Txikia" izango du zain–; eta Eneko Otaño Jesus Mari Mujikaren aurka –irabazleak Mikel Larrañaga izango du zain–.

Finalerdietatik hiru pasatuko dira abuztuaren 1ean edo 2an jokatuko den finalera. Egin beharreko lana, hauxe: erlojuaren aurkakoa, abiadurakoa eta azken proba guztira sei enbor ebakitzea.

Harrijasotzaile txapelketan, berriz, hauek dira norgehiagokak: Urdax Magunazelaia Mikel Lopetegiren kontra; Xabi Peñagarikano Beñat Telleriaren aurka; eta Imanol Albizu "Goikoetxe" Inhar Urruzunoren kontra. Harrijasotzaile bakoitzak bi jardunaldi jokatuko ditu eta finalera hiru markarik onenak egin dituztenak pasatuko dira. Erabiliko dituzten harriak zilindro zaharra, kubika eta bola dira, denak 125 kilokoak. Lehenbiziko ekitaldia ekainaren 27an izango da eta azkena abuztuaren 1ean edo 2an.

Emakume harrijasotzaileei dagokienez, hiru dira parte hatuko dutenak, hauek ere ekainaren 27an hasita. Virginia Dinol eta Karmele Gisasola 63 kiloko zilindroa, kubikoa eta esferikoarekin arituko dira, eta Udane Ostolaza harri mota berdinekin baina 50 kilokoak.