Ion SALGADO
GASTEIZ

Beste urrats bat Gasteizko tranbia Salburuaraino heltzeko

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko xedapen-aldaketaren proiektua onetsi du ostiral honetan Gasteizko Udal Gobernuak, tranbia Salburuaraino iristeko.

Imagen del tranvía a su paso por el centro de Gasteiz. (Juanan RUIZ/FOKU)
Imagen del tranvía a su paso por el centro de Gasteiz. (Juanan RUIZ/FOKU)

Gasteizko Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko xedapen-aldaketaren proiektua onetsi du tranbia Salburuaraino iristeko. Udal Gobernuak adierazi duenez, «tranbia Salburuaraino luzatzeko aurreikusitako trazatura egokitzeko aukera izango da, dauden alternatibak aztertu, eta jendaurreko informazio aldian aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren».

2018ko abenduaren 21ean indarreko HAPOren aldaketa bat onetsi zen, tranbiaren sistema orokorraren figura txertatzeko, eta iaz bi agiri onartu ziren Salburua auzora tranbia iristeko egin beharreko luzapena aurrera eramateko. «Proposatutako trazatua, oro har, bide-sarearen kalifikazioa duten lurzoruetatik doa, eta horietan bateragarria da tranbia-sarearen erabilera, baina zati batzuetan espazio librearen edo berdegunearen kalifikazioa duten espazioetan sartzen da, eta indarrean dagoen HAPOren arabera erabilera hori bateraezina da», ohartarazi du Udalak.

«Beste urrats bat»

Tranbia Juan Carlos I.aren hiribidera ailegatuko da, auzo-elkartekoek Udalari eskatutakoa aintzat hartuta. «Gaur beste urrats bat eman dugu Salburuko biztanleen eskari historiko bati erantzuteko bidean. Proiektu inportantea da Gasteiz barrura begira hobeto konektatutako hiria bihurtzeko», adierazi du alkateak, Gorka Urtaranek.

24,8 milioi euroko proiektua izango da tranbiaren luzapena, BEZik gabe. Udalak 4,3 milioi euro ordainduko ditu; Arabako Foru Aldundiak ere diru-kopuru bera ordainduko du. Lakuako Gobernuak, aldiz, finantzazioaren %65 ordainduko du proiektura, 16,1 milioi euro, hain zuzen. Proiektuaren arabera, adar horren luzera 2,5 kilometrokoa izango da, eta bost geltoki izango ditu: Santa Luzia, Salburuko gizarte-etxea, Nicosia, Salburua eta Juan Carlos I.aren hiribidea.