Naiz

EraBatera taldeak udan grabatuko du bigarren diskoa eta aurrerapen kanta aurkeztu du jada

Gaizka Salazar-ek bere proiektu paraleloa abiatu zuen Gatibu-n urteak pasa ostean. Eskuartean berak sortutako kanta piloa zituela ikusita, lagunei erakustea erabaki eta azkenean talde desberdinetatik datozen musikariekin EraBatera osatu zuen. Oraingoan bigarren diskorako materiala prestatu dute, lehena baino baikorragoa.

EraBatera ia nahi gabe sorturiko taldea da. Gatibun baketak astintzen aritzeaz gain, kantu zirriborroak pilatu ditu Gaizka Salazarrek azken urteotan. Etxean eta berak bakarrik landu ditu ideiak maitasun handiz, astiro biribilduz, estudio batean grabatzeko unea noiz iritsiko.

Abestien maketak lagun zituen musikari batzuei erakusten hasi zen eta proiektura batzea ere proposatu zien. Horrela osatu zuten taldea Gatibun ere taldekide duen Mikel Caballerok, Ken Zazpiko Beñat Sernak eta Willis Drummondeko Jurgi Ekizak. Gerora batu zitzaizkien Miguel Moyano (Smile, Gari) eta Josu Aginaga (Duobite).

‘Antipodetan’, lehenengo diskoa, 2018an plazaratu zuten. Salazarren aitaren heriotzak eragindako saminetik sortutako sentipenak dira disko hartako kanten funtsa. Oraingo honetan, ostera, bizipozari kantatu nahi diote, ospatzeko modukoak begitantzen zaizkien ekintzei: amets egin eta ametsak egi bihurtzeari, ume baten jaiotzari, musikak eragiten duen kemenari edota naturarekiko dugun atxikimenduari.

Diskoa uda bukaeran grabatzeko asmoa dute, entsegu eta atseden leku toki duten Xumelako baserrian, Anbotopean. Disko berriaren aurrerapen gisa, ‘Amets egin’ kanta plazaratu dute. Pandemiak sortu duen egoera latzaren aurrean, «amets egiteak askatasuna eta indarra ematen duen uste osoan sorturiko kanta da», azaldu dutenaren arabera.

Periko Solabarriak ezagun egin zuen esaldia gogoan hartuta «amets egiten uzten ez badigute, ez diegu lo egiten utziko», ezadostasuna erakusteko eta ametsen alde borrokatzeko momentua dela aldarrikatu nahi du taldeak abestiaren bitartez.

Taldeak adierazi duenez, «ilusioz beterik eta gogotsu» dago «ziurgabetasunez beteriko bide berriei ekiteko, eskaintzeko dutena ezagutarazi eta ahal den neurrian euren musika ahalik eta entzule gehienekin konpartitzeko».