Kopuruz «uzta oneko» sagarrekin egina eta alkohol gutxiago dauka aurtengo Euskal Sagardoak

Euskal Sagardoaren uzta berriaren aurkezpena egin dute Chillida Lekun. Kopuruz «uzta ona» izan dela onartu dute, 3,2 milioi litro ekoitzi dituzte 48 sagardotegik. Horretarako, 5,5 milioi sagar erabili dira. Sagardoa botilan kontsumitzeko estrategia indartuko delakoan daude jatorri-deiturako kideak eta zehaztu dute udarako sagardotegien %61ak irekiko dituztela bere ateak.

Ane URKIRI|2020/06/11
Euskalsagardoa_aurkezpena
Chillida Leku museoan dagoen Zabalaga baserriaren aurrean egin dute aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Ohi baino beranduago aurkeztu dute Euskal Sagardoaren uzta berria. Maiatzean ziren aurkeztekoak baina koronabirusaen kontu honekin hilabete bat itxaron dute. Chillida Lekun egin dute aurkezpen ekitaldia, Zabalaga baserriaren aurrean; «baserri honek sagardoarekin izan duen lotura» islatze asmoz.

«Uzta ona» bezala aurkeztu dute aurtengo Euskal Sagardoa, bai kopuruz eta bai kalitatez. Aurten 3,2 milioi litro ekoiztu dira, iazko kopuruaren bikoitza baina 2018ko 4 milioi litro baino baxuago. 2020ko uzta murritzagoa izango dela aurreikusten dute.

Guztira, 48 sagardotegik ekoiztu dituzte 60 sagardo mota, 250 sagargileren sagarrekin eginak. Guztira, 5,5 milioi kilo sagar erabili dituzte. Euskal sagarraren izendapena 120 bat sagarrek dute baina gehienetan 25 sagar mota dira erabilienak. Arabako bi sagardotegik, Bizkaiko lauk eta Gipuzkoako 42k osatzen dute aurtengo sagardoen uzta.

Ostegun honetan egindako aurkezpenean ziurtatu dute aurtengo sagarrak handiagoak izan direla eta azukre gutxiago izan dutela; hala, sagardoak alkohol kantitate baxuagoa izango du aurten; %6 edo baxuagoa, alegia.

Katalogo «bizia»

Berrikuntza gisa, Euskal Sagardoaren lehen katalogoa aurkeztu dute, euskal sagardogileek ekoizten dituzten sagardo guztiak biltzen dituena; hala nola, jatorri-deitura duten sagarren xehetasunak ere ageri dira bertan. «Katalogo bizia» da eta «urtez urte, uztaz uzta aldatzen joango dena».

Formatu berritzaileak ere aurkitu daitezke katalogoan, izan sagardo ekologikoa edo potoetan merkaturatuko den sagardoa, Zeraingo Oihartek ekoitzia.

Euskal Sagardoa jatorri-deitura 2016. urteko uztarekin batera sortu zen. Unai Agirre jatorri-deiturako koordinatzaileak nabarmendu nahi izan du izendapen honengatik egin den lana. Esaterako, adierazi du Gipuzkoan azken bost urteetan 100 hektarea sagasti berri landatu direla, Aldundiaren laguntzarekin.

Euskal Sagardo ona bertako eta kalitatezko sagarrekin ekoitzia izaten denez, sagastiekin egin den lana azpimarratu du Felix San Sebastian sagargileak. «Sagar ona, osasuntsua eta kalitate onekoa» izan da 2019ko uzta. Uste du, oraindik goiz bada ere, 2020koa murritzagoa izango dela baina nabarmendu du saiatuko direla mantentzen Euskal Sagardoak «behar duen kalitate maila gorena».

Sagardotegien irekiera

Olatz Mitxelena Sagardoa Route-ko koordinatzaileak azpimarratu du sagardotegien estrategia nagusiena sagardoa botilan eskaintzea izango dela. Gainera, indartu nahi izan du asmo hori eta adierazi du uda sasoi ona dela botilan dastatzeko. Jakinarazi du sagardotegi batzuek mantenduko dutela txotx eskaintza.

Orotara, uda honetan, Euskal Herriko sagardotegien %61k irekiko ditu bere ateak –batzuk jada hasi dira martxan–, beharrezko protokoloa errespetatuz eta horretarako zerbitzatzeko modua ere egokituz. «Familia eta lagunartean momentu onak pasatzeko elkartzen gara sagardotegietan», esan du, jendea bertaratzera bultzatuz.

Lakuako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek ere herritarrak kontsumitzera bultzatu ditu bere hitzartzean. Sagardogileen fakturazioan emango den jaitsiera kontsumitzaileek leundu dezaketelakoan dago. Hala nola, Orozek zein Agirrek nabarmendu dute Horeca kanalean ondo posizionatzeko egiten ari diren lana. 2020 plangintza horri begira egina zegoen eta apur bat gelditu den arren, berriro martxan hasi direla adierazi dute.