NAIZ

Nafarroako Gobernuak 30.000 euroko diru-laguntza emango dio Udako Euskal Unibertsitateari

30.000 euroko dirulaguntza jasoko du Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Nafarroako Gobernutik gaur Iruñean sinatu duten hitzarmenaren arabera. Orotara, hamaika ikastoro antolatuko dira dirulaguntza honi esker.

UEUko ardurdadunak Iruñean aurreko edizio bateko ikastaroak aurkezten.
UEUko ardurdadunak Iruñean aurreko edizio bateko ikastaroak aurkezten.

Nafarroako Gobernuak, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bitartez, 29.976 euro emango dizkio Udako Euskal Unibertsitateari (UEU) antolatutako hamaika ikastaroak egin ditzan. Unibertsitateko ikasle zein publikoari orokorrean zuzendutako ikastaro horiek, online eta modu prezentzialean egingo dira iraila eta azaroa bitartean; matrikula doakoa izango da.

Ekimena bi erakundeek sinatutako hitzarmenak erregulatuko du, eta horren edukia gaur goizean aurkeztu dute Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria den Juan Cruz Cigudosak eta UEUko zuzendaria den Kepa Sarasolak emandako prentsaurrekoan. UEU irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta horren lan-ildo nagusiak euskararen eta unibertsitatearen artean batasun-zubiak sortzea eta komunitate zientifiko-intelektual euskalduna biltzea nahiz unibertsitate-diziplinak ekoiztu eta gizartearen eskura jartzea dira.

Ikastaroen edukia

Hauek dira bost ikastaro presentzialak: gaitasun zientifiko eta teknologikoak (STEM) Lehen Hezkuntzan eta DBHn lantzeko proiektuak (urriak 17-24), Irakaskuntzarako bideo egokiak sortzea (irailak 12-19), Zer da ekonomia zirkularra? (irailak 9-22), Etxeko biohondakinen kudeaketa deszentralizatua (irailaren 26tik urriaren 3ra) eta Edukiak online kudeatzerakoan kontuan izan beharreko gako juridikoak (abuztuaren 31tik irailaren 1era).

Online ikastaroei dagokienez, honako sei ikastaro hauek eskainiko dira: Produktibitatea hobetzeko metodoak eta laguntzako tresna digitalak (abuztuaren 31tik irailaren 23ra), Adingabeak eta Internet: arriskuak eta identitate digitala (abuztuaren 31tik irailaren 30era), Sare sozialen analisia genero-berdintasunetik (irailaren 29tik urriaren 10era), Gradu-amaierako lanerako prestatzea eta lan akademikoak (irailaren 30etik urriaren 7ra), Zergatik ez dugu euskara ez sexista hitz egiten? (abuztuaren 31tik irailaren 30era) eta STEAM eta generoa ikasgelan sartzeko gakoak (irailaren 29tik urriaren 10era).

Ekimena Natur Zientzien IV. Topaketarekin amaituko da, azaroaren 7an eta 8an.

«Hitzarmen garrantzitsua»

Cigudosak adierazi du «hitzarmen hau sinatuta, Nafarroako Gobernuaren asmoa euskarazko prestakuntza-eskaintza sustatzea dela, ahal den neurrian 2030eko Agendako Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GIH) eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S3) bateratuaz».

UEUk Nafarroan izandako ibilbidea eta esperientzia baloratzeaz gain, kontseilariak ondorengoa nabarmendu du: «askotariko eskaintza hau egungo gaietara eta Departamentuari interesatzen zaizkion gaietara egokitu da; hau da, STEM, iraunkortasuna eta ingurumena, sare sozialak eta mundu digitala, eta genero-berdintasuna».

Cigudosak, halaber, azpimarratu du «positiboa dela Nafarroako euskaldunei egungo eta interes handiko gaiei buruzko prestakuntza-eskaintza osorako sarbidea eskaintzea, euskarazko kalitatezko prestakuntza etengabea bultzatzearekin batera».

Bestalde, UEUko zuzendaria den Kepa Sarasolak hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du; izan ere, «UEU 1977az geroztik lanean ari da Nafarroan, unibertsitate-ikasketak eta euskara batzeko xedearekin”. Era berean, adierazi du azken hiru eskola-urteak “bereziki arrakastatsuak izan direla parte-hartzeari eta ikastaroen balorazioari dagokionean. Eta hori Nafarroako erakunde ezberdinekin burututako lankidetzari eta, batez ere, Nafarroako Gobernuarekin berritutako hitzarmenari esker izan da».

Ildo horretan, Sarasolarentzat «ezinbestekoa da sinergiak indartzea, lortu nahi diren helburuak ere handiak dira-eta: unibertsitatean euskara normalizatzea, Nafarroako profesionalak prestatzea, tokiko premia akademikoei erantzutea eta euskarazko etengabeko prestakuntzaren erreferentzialtasuna areagotzea».