Naiz

Paskual Rekalde eta Paula Kasares euskaltzain oso izateko aurkeztu ditu euskal akademiak

Uztailaren 17ko osoko bilkuran jakingo da nork beteko duen Andres Iñigo euskaltzain emerituaren lekua. Orain Arte Iñigok Nafarroa ordezkatu izan du Euskaltzaindian. Akademiak Paskual Rekalde filologoaren eta Paula Kasares soziolinguistaren artean erabaki beharko du. 

Paskual Rekalde eta Paula Kasares, Nafarroako ordezkaritzan Andres Iñigoren lekua hartzera hautagaiak. (NAIZ)
Paskual Rekalde eta Paula Kasares, Nafarroako ordezkaritzan Andres Iñigoren lekua hartzera hautagaiak. (NAIZ)

Donostian egin den osoko bilkuran jakitera eman dutenez, Paskual Rekalde eta Paula Kasares nafarrak izango dira Andres Iñigo euskaltzain emerituaren hutsartea betetzeko proposatu diren hautagaiak. Otsailaren 28an, Bizkaiko foru jauregian egindako osoko bilkuran zabaldu zen hautagaiak aurkezteko epea, Andres Iñigo emeritu izatera igaro zen unean bertan. Jakina denez, emeritu izateko 75 urte beteak izan behar dituzte euskaltzain osoek.

Normalean hautagaiak aurkezteko epea bi hilabetekoa izan ohi bada ere, luzatu egin behar izan dute oraingoan martxoko eta apirileko osoko bilkurak bertan behera geratu zirelako, pandemiak behartuta. Horretara, Akademiaren arautegiaren eta barne-erregelen arabera, uztailaren 17ko osoko bilkuran egingo den bozketatik aterako da euskaltzain oso berriaren izena.

Gogoratu behar da euskaltzain osoa izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dutela; eta, proposamenaz batera, zerrenda bat egin behar dela, hautagai bakoitzak dituen merezimenduak xeheki aipatuz. Ondoren, euskaltzain osoek eta emerituek hautagaiak bozkatzeko aukera izaten dute.

Paskual Rekalde Irigoien (Amaiur, 1963) Euskal Filologian lizentziaduna da EHUn eta, gaur egun, Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea da eta Lakuako Gobernuko Terminologia batzorde bereziko kidea.

Zenbait lan eta artikulu argitaratu ditu euskara batuaren eta euskalkien eta Baztango euskararen inguruan. Horien artean daude Mariano Izeta zenaren ‘Baztango Hiztegia’ eta ‘Dirua galgarri’ lanen edizioa, eta Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako agiri zaharretako zenbait toponimo eta oikonimoren inguruko lanak, Andres Iñigorekin batera prestatuak.

Euskaltzain urgazle 2003an izan zen izendatua eta Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariorde, 2018an. 2000an hasi zuen ibilbidea Akademian, eta gaur egun zenbait batzorde eta lantaldetako kide da (Corpus, Euskalkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegia, EBE, Gramatika eta Onomastika) eta, orobat, HIZBEA zerbitzuaren arduraduna.

Paula Kasares Corralesek (Iruñea, 1969), berriz, soziolinguistika arloan garatu du ikasketa eta lan ibilbidea. Doktorea da eta graduak nahiz graduondoak euskal filologian, antropologian eta hizkuntza plangintzan burutu ditu.

Lan jarduna euskararen normalizazio teknikari lanetan hasi zuen 1994an. 2001etik 2003 bitartean Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria izan zen eta egun, Euskararen Nafar Institutuko Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendari, bai eta NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle ere dihardu.

Ikerketari dagokionez, soziolinguistika, hizkuntza eskubide eta hizkuntza antropologia alorretako hiru libururen eta hainbat artikuluren egilea da. Komunikazio eta hitzaldi ugari eman ditu Euskal Herriko nahiz atzerriko biltzar-mintegietan eta hondar hamarraldian, familian haurrak euskaldun haztearen gaineko hedapen eta sentsibilizazio jarduerei loturik ibili da. 2006tik euskaltzain urgazlea da.