Arnaitz Gorriti

Kirolbet Baskoniak «aitzakiarik gabe» jokatuko du Valentzia Basketen aurkako finalerdia

Zalantzan edo atseden beharrean izan diren jokalari gasteiztar guztiek jokatuko dute igande gaueko finalerdia. Valentzia Basketen erasoko armen aurrean, «defentsa izango da partidako gakoa» esan du dusko Ivanovicek eta, Tornike Shengelia kapitainarekin bat eginez, «partida bakarrera faboritorik ez» dagoela adierazi du.

Arazoak arazo, Tornike Shengelia prest egongo da Valentzia Basketen aurka finalerdia jokatzeko. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Arazoak arazo, Tornike Shengelia prest egongo da Valentzia Basketen aurka finalerdia jokatzeko. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

ACB Ligak Valentzian antolatu duen azken fasea fisikoki itogarria izaten ari da. Kirolbet Baskoniak asteartean lortu zuen igandeko finalerdietarako txartela, baina bidean izerdi asko bota eta kolpe latzak jasota: arazo muskularrak Pierria Henryk; hatz batean, bizkarrean eta orkatilan arazoak Tornike Shengeliak, kolpea oinean Ilimane Diopek, eta hori gutxi balitz, aurrez operaturiko oinean kolpea Jayson Grangerrek. Eta gaitzerdi, orpazurda behar bezala badauka.

Kirolbet Baskoniak 20.00etan izango duen aurkaria ere, Valentzia Basket «etxeko» taldea ere ez dago nahi bezain katoliko. Alberto Abalde beren izarra «zuntz haustura» txiki batek jota, Bojan Dubljevic valentziarren beste izarra oso joko maila eskasean eta 40 minutuz joko mailari eutsi ezinik Jaume Ponsarnauren taldea.

«Guztiak jokatzeko prest egongo dira, aitzakiarik gabe», esan du Dusko Ivanovicek partida jokatu bezperako prentsaurrekoan. «Partida zaila izango dela, bai, baina hori aurrez ere bagenekien», bota du Montenegroko entrenatzaileak.

«Valentziak talentu handia dauka. Baloia ederki mugitzen dute eta beren kanpoko jokalariak sekulako portzentaiak lortzen ari dira hiruko jaurtiketetan. Horrez gain, errebotean min handia ematen dute. Horren aurrean, partida irabazteko gakoa defentsan egongo da, ez beste inon», gaineratu du tekinkari balkandarrak.

Antzeko berbak esan ditu Tornike Shengelia gasteiztarren kapitainak ere. Georgiarraren aburuz, «baikor gara finalerdietan gaudelako, baina tentuz oraindik, bi partida irabazi behar baitira ACB Ligako txapeldun izateko».

Faborito talde bietatik zein ote den galdetuta, zeharbide berbera hartu dute hala entrenatzaileak nola kapitainak. «Partida bakarrera ez dago faboritorik», adierazi dute, aho batez. «Talde bakoitzak estilo propioa eta berezia daukagu eta horri ekingo diogu irabazteko», bota du Ivanovicek.

Bestetik, Shengeliak talde biak «borrokalariak» direla azpimarratu du. «Edozeinen aurrean lehiatu eta irabazteko kapaz garela erakutsi dugu biek ala biek. Kantxan gauza batzuek kontrola ditzakegu; ordea, beste zenbait ez. Kontrola dezakegun hortan ahalik eta zorrotzenak eta onenak izaten saiatu behar dugu». Horrez gain, «defentsan gorabehera gutxiago izan behar» dituztela iritzi dio hegal-pibotak.

Bere osasunari buruz galdetuta, Baskoniaren kapitainak «jokatzeko moduan» dagoela esan du. Joventuten aurka hartu zuen «atsedenak mesede egin» diola adierazi du georgiarrak. «Topera egon beharko dugu finalera pasatzeko», amaitu du.

«Duskoren zigiluaren» aurka

Alberto Abalde azken ordura arte zalantza delarik, Valentzia Basketek «desgaste fisiko handia» nozitu duela onartu du Jaume Ponsarnau entrenatzaileak. «Hala ere, desgaste horrek talde hobea izatera derrigortu gaitu; talde bezala pauso bat aurrera ematera eraman gaitu-eta».

Entrenatzaile katalanaren aburuz, «gure bertute nagusienetakoa da aurreneko fasean jokalari askok konpetizio erritmoa hartu ahal izan dutela» izan da. Gasteiztarren «defentsa indartsu eta oldarkor horren aurrean dena beharko dugu. Gu geu izateari utzi gabe eta gure nortasuna ahaztu gabe, sekula baino ere buru azkarragoak izan beharko dugu. Eta beste edozeren gainetik, Dusko Ivanovicen talde baten aurka irabazteko, nahitaez ongi jokatu beharko dugu», iritzi dio.

Fernando San Emeterio Saski Baskoniako kapitain ohiak ere talde gasteiztarra izan du hizpide. «Duskoren zigilua geldialdi honetan erabat barruraino sartu zaie, eta gainera min hartuta zeuden zenbait jokalari berreskuratu dituzte. Beren defentsa indartsu eta oldarkorrari aurre egin beharko diogu eta horrek beti lehioakor izatera daramatza Duskoren taldeak», iritzi dio.

Alberto Abalderen egoera fisikoaren arabera, minutu gehiago edo gutxiago izan ditu Santandergo hegalekoak. Ederki aritu zen Kanaria Handiaren aurka. «Pozik nago laguntzeko bainago, baina orai helburua Baskoniaren aurka lehiakor izatea da, partida gogorra eta zaila espero behar dugulako», adierazi du.

Burgos, «sorpresa erdia»

Bartzelonak eta San Pablo Burgosek jokatuko dute aurreneko finalerdia 17.00etatik aurrera. Katalanak dira finalera pasatzeko faborito, baina San Pablo Burgosek erakutsi du bere sen borrokalaria B Multzo gogorrean bigarren amaitzeko, Real Madril berbera atzean lagata.

«Ez nau harritzen Burgos finalerdietan ikusteak», adierazi du Nikola Mirotic Bartzelonako izar eta 2019/2020ko Jokalari Baliotsuenaren –MVP– irabazleak. «Burgosen 80-82 irabazi genien, izerdia franko botata. Gainera, inolako presiorik gabe jokatuko dute. Presioa gurea izango da, baina ez diogu gain har diezagun lagako», gaineratu du Montenegrokoak.

«Bartzelonara tituluak irabaztearren etorri naiz eta falta zaizkigun bi partida hauek jokatzeko erabat motibaturik nago», amaitu du Miroticek.

San Pablo Burgos izan da azkenean ACB Ligako azken fase hontako sorpresarik handiena. Izar handirik gabe, Joan Peñarroyak gidaturiko taldeak nukleo gogorra eta burugogorra eratu du. Morabanc Andorraren aurkako lehia erabakigarrian 16 puntuko desabantailari buelta eman zioten azkenean 88-86 irabazteko. Ondoren, beren kontzentrazio hoteleko igerilekuan murgilduta eta pozarren, txanpainarekin topa eginez, ospatu zuten klubaren historian aurrenekoz ACB Ligako finalerdietara sailkatu izana.

«Txanpainaz busti beharra dago hau, historia egin baitugu guztion artean», onartu zuen Joan Peñarroya entrenatzaileak. «Baina igande gauean berriz ere topa egitea gustatuko litzaidake, taldea historia egiten ari dela esan nahiko lukeelako», bota zuen.

Izar handirik gabe, baina talde oso ona eraiki du San Pablo Burgosek. Clarke eta Huskic galdu arren, ez da hankamotz azaldu azken fase hontara, Apic eta Aguilar fitxatu ondoren. Horrez gain, Fitipaldo eta Bassas antolatzaileaak, Vitor Benite eta McFadden hegalekoek, eta Jasiel Rivero pibotak maila oso ona eman dute partida hauetan guztietan zehar.

Guztia, Joan Peñaroya ahaztu gabe. Terrassako entrenatzailea begiz jo dute hainbat taldek eta zurrumurruen arabera, Unicajak berak ere bere jopuntuan omen du. Ez da harritzekoa, bere eskutik San Pablo Burgosek 1998an ACB Liga irabazi zuen TDK Manresa hura gogorarazten baitu. Egia da urte hartan Peñarroya ez zegoela Manresan, baina bai 1996an Kopa irabazi zuen Manresa mitiko hartan, zeinetan txikitasunak ematen baitzion taldeari garaiezinaren itxura.

Esan beharrik ez dago Bartzelona izango dela aurreneko finalerdiko faboritoa, baina argi San Pablo Burgosekin, galtzeko ezer gabe, topera airiko baita Mirotic eta enparauen aurrean.