NAIZ

Hezkuntza publikoa indartzeko eta murrizketak alboratzeko eskatu diote sindikatuek Lakuari

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek hezkuntza publikoa indartzeko beharrezkoak diren baliabideak jarri eta murrizketak albo batera utzi ditzala eskatu diote Lakuako Gobernuari.

Lakuaren egoitzaren aurrean kontzentratu dira sindikatuak. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Lakuaren egoitzaren aurrean kontzentratu dira sindikatuak. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzea egin dute Lakuan, Gobernuaren egoitzaren aurrean, murrizketak alboratu ditzala exijitzeko.

Bertan azaldu dutenez, hezkuntzako langileen ordezkariak «oso kezkatuta» daude ikasturte honen amaiera eta datorren ikasturte hasierarekin, batetik, negoziazio kolektiboarekiko «Hezkuntza Sailak duen mespretxu jarreragatik» eta, bestetik, «azken egunetan aurrera eramaten ari diren hainbat murrizketen berri» izan dutelako.

Salatu dutenez, Hezkuntza Sailak «aldebakarreko erabakiak hartzen ditu» eta sindikatuekiko ez dago «interlokuzio txikiena ere».

«Ikasturte hau amaitzeko eta berria hasteko Hezkuntza Sailetik hartu diren neurrien berri prentsaren bitartez izaten ari gara behin eta berriz, negoziazio kolektiboarekiko Cristina Uriartek zuzentzen duen Sailaren mespretxua agerian geratzen ari delarik», adierazi dute.

Haurreskolak Partzuergoko negoziazio kolektiboa ere «egoera beretsuan» dagoela diote. «Pandemia egoera hasi zenetik negoziaziorako borondaterik ez du erakutsi gerentzia berriak, horren adibide da etengabe mahai negoziatzaileak atzeratzeko erabakiak hartzen dituela sindikatuoi negoziatzeko aukerarik eman gabe». 

Adibide gisa jarri dute gaur egitekoa zen mahai negoziatzailearen bilera uztailaren 2ra atzeratu duela Partzuergoak, «negoziazioaren premia larria den arren».

Murrizketak

Horretaz gain, datorren ikasturteari begira hainbat arlo eta kolektibotan Lakuak murrizketak aplikatuko dituela ohartarazi dute sindikatuek: «Iraleko ikastaroetan, ‘Hamaika esku’ programan, sukalde eta jantokietako kolektiboan, hezkuntza laguntza espezialisten kolektiboan...».

«Osasun krisialdi honek hezkuntza publikoaren indartzea eta horretarako beharrezkoak diren baliabide guztiak jartzeko beharra erakutsi duen arren, argi geratzen ari da Hezkuntza Sailaren apustua ez dela hori izango, eta baliabideak gehitzetik urrun, lehendik zeudenak murrizteari ekin dio», salatu dute.

Hezkuntza Sailak ikastetxeetara helarazitako protokolo orokorra aipatu dute murrizketen adierazgarri gisa. «Dokumentu honek argi erakusten du ez dagoela egungo egoerak eskatzen duen baliabide gehikuntza, plantillen gehikuntza eta ratio murrizketa, ezartzeko asmorik. Irizpide nagusia gastu gehikuntza ekiditea da eta are gehiago, zenbait kolektibo eta zerbitzuri eragingo dioten murrizketak aplikatzeko asmo garbia dago, sukalde eta jantokien kasua esaterako», nabarmendu dute.

Horregatik, Hezkuntza Sailari eskatu diote «zerbitzu publikoak oro har eta hezkuntza sistema bereziki» indartzeko erabakiak har ditzala, «langileon ordezkariokin bildu eta benetako interlokuzio eta negoziazioari bide eman diezaiola». Hori egin ezean, «erantzun sendo bat» iragarri dute.