Aldana_ziburu
Jon Idigoras ere poztuko zen Ziburuko argazkiarekin

Idigorasek Alberto Aldanarekin, Ziburuko alkate berriaren aitarekin, pasa zuen muga 1975ko urrian.

2020/06/29

Martin Garitanok mezu bat bidali du gaur GARAko erredakziora. Bere laguna Jon Idigoras du gogoan, GARA egunkariko lehen orrialdeko argazkia ikusi ondoren. Hunkituta dago: «Jonek argazki hori ikusiko balu…»

Izango zukeen pozteko motiborik. Jon Idigorasek 1975ko urriaren 12an pasa zuen muga Ipar Euskal Herrian babes hartzeko. Frankismoaren txakurrak zituen segika. Bere ondoan, lagun bat zuen: Alberto Aldana. Gaur Aldana dago GARAren lehen orrialdean, bere semearekin batera, Ziburuko alkate berriarekin batera.

Zonalde berekoak ziren Aldana eta Idigoras, eta muga pasa aurretik elkarrekin egon ziren ezkutatuta Ezkerraldeko etxe batean. Joaquina zen etxeko nagusia. Semeak balira bezala zaindu zituen muga pasa zuten arte.

Alberto orduz geroztik errefuxiatua egon da, 2014an kolektiboak etxeko bidea hasi zuen arte. Dominika Douat ziburutarrarekin ezkondu eta familia osatu zuen. Bi seme izan zituzten. Bigarrena, umetxoa zenean erotu arte lo egiten uzten ez zien hura, alkate hautatu zuten atzo.

Albertoren anaia ere errefuxiatua izan zen. Deportazioak kolpatu zuen Anjel. Urte luzez egon zen Euskal Herritik urrun, oso urrun. Polizia espainolak basatiki torturatu zuen Ekuadorren, esate baterako. Bizitza gorra, latza. 2016an hil zen gaixotasunez Venezuelan. Anjelen emaztea eta seme-alabak Ziburuko plazan ziren atzo. Garazi alabak eskutik hartu zuen Eneko. Hunkigarria izan da denentzat.

Frankismoa zinez borrokatu eta Euskal Herri independentea helburu politiko izan duen eta oraindik baduen belaunaldi harentzat, Jon eta Aldanatarrentzat, atzoko argazkiak esanahi handia du. Itxaropenak bizirik segitzen du.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

ARGAZKI GALERIA
Gaizka PEÑAFIEL | FOKU


Mungiako laukoteak NAIZ Kontzertuak ekimenaren seigarren gaua erre zuen ostirala gauean. Sanagustin Kulturunea, eliza zaharra musikari emana. Rock-ak: 1 - Jainkoak: 0. Ibilbide labur baina sakonean sortutako klasiko eta kaleratzear dauden abestientzako lekua egon zen; hori bai, kanta zaharrak edo ezagunak soineko berriekin aurkeztuta.