Pilota afizionatua ere itzultzeko prest, arau zorrotzekin bada ere

Hernaniko II. Papelera Zikuñaga Txapelketa gaur hasiko da sei maila desberdinetan banatutako 51 bikoterekin. Villabonako Santio txapelketari bihar ekingo diote, parte hartzea zortzi bikotera jaitsi behar izan duten arren. Eta Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekia ere asteburuan berrartuko dute hiru hilabete eta erdiko geldialdiaren ostean.

Asier AIESTARAN|2020/06/29
Afizionatuak
Santio torneoak ez du Pebet txapelketarako txartela emango aurten (Andoni CANELLADA / FOKU)

Covid-19ak behartutako geldialdi luzearen ostean, pilota afizionatua ere itzultzeko prest da jada, nahiz eta segurtasun arau zorrotzekin izan. Horrela, datozen egunetan hainbat torneo desberdin hasiko dira edo berrartuko dira, gelditu behar izan zirenen kasuan.

Gaur arratsaldean, esaterako, Hernaniko II. Papelera Zikuñaga Txapelketa hasiko da. Aurten 51 bikote ariko dira sei maila desberdinetan banatuta: kadeteen 1. eta 2. mailak, jubenilen 1. eta 2. mailak, eta nagusien 1. eta 2. mailak.

Egunero hiru partida jokatuko dira Hernaniko frontoian, 18.00etan hasita, eta finalak uztailaren 25ean izango dira. Gaurko partidak hauexek dira: Etxeberria-Olaitz / Iriarte-Anduaga (kadeteen 1. maila); Apaolaza-Lasa / Saralegi-Alkantara (jubenilen 2. maila); Etxabe-Iñarra / Eguskiza-Mujika (nagusien 2. maila).

Villabonako Santio torneoa

Bestalde, bihar hasiko da Villabonako Santio torneoa. Azken urteetan Euskal Herri osoko 24 bikote ezberdinek parte hartu izan dute, eta irabazleek Antton Pebet elite txapelketan parte hartzeko txartela irabazi ohi zuten. Aurtengoan ordea, Covid-19ak sorturiko arazoengatik, eta ondorioz txapelketak antolatzeko dauden arau zorrotzengatik, txapelketa laburragoa antolatuko dute zortzi bikotez osatua izango dena.

Zortzi bikoteak gipuzkoarrak izango dira, inguruko herrietako klubetako pilotariak: Tolosa, Intza, Alde Zaharra, Eple, Gazteleku, Usurbil eta Behar Zana. Txapelketa bihar hasiko da 18:30ean eta partida guztiak Villabonako Bear Zana pilotalekuan jokatuko dira. Gaur eta uztailaren 2an final-laurdenen txanda izango da, finalerdiak uztailaren 7an jokatuko dira eta finala uztailaren 11an.

Aipatutako arau zorrotz horien artean, kontuan izan behar da pilotalekuko aforoa mugatua izango dela eta neurri higienikoak bete beharko direla pilotalekura sartzeko. Pilotalekuko harreran aforoa mugatzen duen kartela egongo da eta kopuru horretara iristean ezingo da beste inor pilotalekura sartu.

Gainera, Santio jaien baitan Behar Zanak antolatu ohi dituen beste lau txapelketa jokatu gabe geratuko dira: frontenis txapelketa, eskuz txapelketa herrikoia, pala gomaz txapelketa eta emakumeen pala txapelketa. Hala ere, bertan behera geratu zen Emakumeen Txapelketa azkarra uztailaren 18an jokatuko da.

Bestalde, uztailak 31ean urteroko errebote partidua ere jokatuko da. San Inazio eguneko partida ez du galdu nahi Behar Zana elkarteak eta aurtengoa Hazparneren aurka jokatzen duen 91. aldia izango da. Egun horretarako ere, plaza guztiz itxiko litzateke, aforoak neurtu eta ikusleak eserita egon beharko dira.

Pala Txapelketa Irekia

Azkenik, Oiartzunen jokatzen den Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekia ere martxoaren erdialdean bertan behera gelditu zen Covid-19 pandemia zela-eta. Baina hiru hilabete eta erdiren ondoren berriro martxan jartzea erabaki dute antolatzaileek.

Aste bukaera honetan, uztailaren 4an eta 5ean, bigarren faseko partiduak eta kanporaketak jokatuko dira Madalensoro pilotalekuan, Udalaren baimenarekin eta osasun neurriak markatzen duen protokolo guztiak kontuan hartuta.

 

ARGAZKI GALERIA
Gaizka PEÑAFIEL | FOKU


Mungiako laukoteak NAIZ Kontzertuak ekimenaren seigarren gaua erre zuen ostirala gauean. Sanagustin Kulturunea, eliza zaharra musikari emana. Rock-ak: 1 - Jainkoak: 0. Ibilbide labur baina sakonean sortutako klasiko eta kaleratzear dauden abestientzako lekua egon zen; hori bai, kanta zaharrak edo ezagunak soineko berriekin aurkeztuta.