‘VHS’ eleberria aurkeztu du Oier Guillan idazleak

Iraganean gertatu dena azalera ekartzeak orainaldian daudenen bizitzak aktibatzen ditu. Ilehoriak lagunen laguntza beharko du eta detektibe emozional bat kontratatuko du Victorren heriotza ikertzeko. Oier Guillanek idatzi du ‘VHS’ (Susa), memoriatik, abenturatik eta umore absurdotik baduen eleberria. Nahiz eta hori ez den. Edo ez hori bakarrik.

oihane larretxea|DONOSTIA|2020/06/29
Oier_guillan
Oier Guillan idazlea astelehen honetan, azken eleberria eskuetan. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Victor aktorea zen, Sevillakoa. Madrilen hil zen, auto istripuz, 2001. urtean. Laneko jantzia soinean zuela hil zen, pailazoz jantzita, sudur eta guzti. Haren hiletara ez omen zen inor joan. Hogei urte igaroko dira beste pertsonaia batek, Ilehoriak, zer gertatu zen gogoratu nahiko duenean, iragana berreraiki nahiko duenean. Eta lagunen laguntza beharko du horretarako. Detektibe emozional bat ere kontratatuko du.

Victorren heriotzak nolabait nobela osoa zeharkatzen du. Oier Guillan (Donostia, 1975) idazleak argitaratu duen nobela, alegia: ‘VHS’ (Susa). Nobela zer den argitzeko egilearenak izan dira lehen zalantzak, gauza asko baita.

Ilehoriak ez daki heriotzaren inguruan artikulu honen hasieran aipatutakoa baino askoz gehiago, baina etxe batetik bestera leku aldatzen garenean VHS zaharrak agertzen zaizkigun moduan, berari ere noizean behin heriotza hau agertzen zaio, edo haren heriotzaren inguruko galderak behintzat. «Zergatik hil zen? Nork hil zuen inork hil ez zuena?», galdegin du astelehen honetan egindako aurkezpenean Leire Lopez Lizuaga editoreak. «Galdera absurdoak dirudi azken honek, eta ziur asko bada, baina lagunen heriotzek horrelako galderak sor ditzakete, esango nuke lagun horiek gazteak zirela hil zirenean edo heriotza ustekabekoa denean».

Detektibearen bidez hasiko da iragana desegiten, eta 23 urte atzera Berlinetik Andaluziara egindako auto bidaia gogora ekartzen. Road movie moduko bidai iniziatikoa, haien ibilbide artistikorako pizgarri izango zena. Iragan hartan ezagutu zuen Ilehoriak Victor eta oroitzapenen bitartez ekar dezake soilik orainaldira. Tarteka orainaldian, tarteka oroitzapen moduan, Sevillan ezagutu zuten La Marabunta antzerki taldea eta kideak gogoratuko ditu, eta VHS batean egin zuten grabaketa bat.

Road movie-a, gorputza eta memoria

Autoz, Berlinetik Sevillara egiten dena ez da egiten den bidaia bakarra. Editorearen ustez, arakatuz gero ohartuko gara badirela beste bidaia paralelo batzuk. Bata, norberaren gorputzera egindako bidaia da, Victor ezagutu zuen garaiko gorputz hartara. Eta bide hori gorputzaren mugak neurtzen dituen bidaia ere izango da.

Bestea, «nork bere iraganera egindakoa», izan ere Ilehoriaren memoriaren hutsuneek eta bere eraikuntzak zeharkatzen dutelako nobela. «Ilehoriak lagunen laguntza beharko du gogoratzeko, eta fikzioa ere beharko du. Memoria prekarioa da, batek daki zenbat aldatzen den oroitzapen bat berritzen dugun aldiro, zein zati den guk eraiki duguna, eta zer gordetzen dugun gertakizun hartatik», erantsi du. Eta, horrekin batera, errealitatearen mugak zalantzan jartzen dira nolabait ‘VHS’ eleberrian. «Gertatu zena, gertatu zitekeena, gertatzen ari denaren inguruan asmatzen duguna… errealitatea memoria bezala nahiko eskuragaitza da».

Iragana berreraiki

Sinopsia bera idazteko «sekulako» zailtasunak izan dituztela aitortu du Guillanek berak, eta arazo bertsuak izan dituela prentsaurrean azaldu behar zituenak zehazteko. Eta kupida sentitu duela kazetariongatik. «Desiatzen nago ikusteko zein etiketa jartzen diozuen albistea sarera igotzean…», esan du. Liburu honetan badago argumentu bat, trama bat, jakina, eta istorioak aurrera egiten du, «baina bizitzan bezala, istorio honek alboetara zabalduz egiten du aurrera», esan du Guillanek. «Zer da oroitzea, ez bada iragana berridaztea? Gure buruarentzat eta ingurukoentzat denbora pasa ahala editatzen goazen fikzioa idaztea eta berridaztea da».

«Protagonistak iraganeko logikari koherentzia eta zentzu bat bilatzen saiatzen diren arren, bizitza sinpleagoa eta konplikatuagoa da beti. Oroitzerakoan, iraganeko garai hura bizi izan duten bigarren mailako pertsonekin kontrastatzean kontraesanak etengabeak dira», uste du egileak, zeinaren ustez «ez dago modurik iragana osotasunean berreraikitzeko».

Ahots mota, tonu eta forma ezberdineko atalak dira kapituluak, istorio bakar baten zerbitzura. «Errealitatearen kontakizuna gorputz ezberdinetan sakabanatutako istorio bat delako, bizitzan bezala». Eta, funtsean, zeri buruz ari gara? Memoria partekatuari buruz, adiskidetasunari buruz, betiko ametsak galtzean gure baitan aurkitzen dugun pertsona berriari buruz.

Hainbeste idaztea kosta zaion sinopsia irakurrita, batek pentsa dezake «memoria» dela hitz klabea, «eta hala da, baina ez da memoriari buruzko nobela bat». Esan daiteke ere «misterioa» dela hitz klabea, «eta hala da, baina ez da nobela poliziako bat», abisatu du. Nobela beltzaren genero marka batzuk erabiltzen ditu ‘VHS’ eleberriak, baina kontuz, «hala izatekotan literatura ikuspuntu batetik nobela transgeneroa litzateke». «Abentura» ere bada hitz klabea, «baina ez da abenturazko nobela bat».

Itxialdiaren erdialdean amaitutako lana da ‘VHS’, eta barrenean zainetatik sentitzen zuen jarioari jarraituta idatzi du. «Paralisi sozialari aurre egiteko modua izan da literatura. Arteak zauriak sendatzeko balio izan du, errealitatea aski ez denean», aitortu du.

 

ARGAZKI GALERIA
Gaizka PEÑAFIEL | FOKU


Mungiako laukoteak NAIZ Kontzertuak ekimenaren seigarren gaua erre zuen ostirala gauean. Sanagustin Kulturunea, eliza zaharra musikari emana. Rock-ak: 1 - Jainkoak: 0. Ibilbide labur baina sakonean sortutako klasiko eta kaleratzear dauden abestientzako lekua egon zen; hori bai, kanta zaharrak edo ezagunak soineko berriekin aurkeztuta.