Ion SALGADO
GASTEIZ

Aurrekontua murrizteko «artazia zorrotz» datorrela ohartarazi dute Gasteizko euskaltzaleek

Gasteizen euskararen alde lan egiten duten eragileek salatu dutenez, «aurrekontua murrizteko artazia zorrotz dator, euskararen biziraupena arriskuan jarriz, euskara ez baita lehentasuna gure agintarientzat».

Gasteizko euskaltzaleek gaur egindako agerraldia. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Gasteizko euskaltzaleek gaur egindako agerraldia. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Arabako foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak ezarri ditzaketen murrizketak salatu dituzte euskararen alde lan egiten duten hainbat eragilek. «Aurrekontua murrizteko artazia zorrotz dator, euskararen biziraupena arriskuan jarriz, euskara ez baita lehentasuna gure agintarientzat», adierazi dute gaur aurkeztutako manifestuan.

«Hala ere, zorionez, herrigintza eta euskalgintza dinamika berriak martxan jartzeko ahaleginean ari da», azaldu dute, eta «egongo den atzerapausoak tamainako erantzuna» behar duela ohartarazi dute: «Baliabideen aldetik ere, agintarien aldetik egoeraren larritasunaren neurrira jartzea eskatzen du, euskarak aurrekontu orokorrean hartzen duen zati minimoa ez baita guraizeekin ukitu daitekeen zerbait».

Nabarmendu dutenez, Udala, Aldundia eta Lakua «martxan jarri behar dira maldan behera jausi den Arabako euskalduntze prozesuari behar duen bultzada emateko, eskura dituzten tresna guztiak aktibatuz». «Eta horien artean, diru-laguntza eta hitzarmen ezberdinak bermatzeaz gain, baliabideak handitzea, zerbitzu publikoak berrezartzea eta egoera berrira egokitzea ere egIn behar da: Udalekuak, ludotekak, Gizarte Etxeak, liburutegiak, zinemak, antzokiak, kaleak… Orain, inoiz baino gehiago, aisialdi eta kultur jarduerak behar ditugu, baita eskolaz kanpoko ekintzak ere, eta baliabide eta espazioak dituztenek ezin dute beste alde batera begiratu», gaineratu dute.

«Ezin dugu sei hilabetez euskara ureztatu gabe hiltzen utzi, urteetako lana alperrik galduko genuke bestela. 2020-2021 ikasturtearen hasieran ahalik eta egoera osasuntsuenean iritsi dadin martxan jartzeko garaia da», esan dute pandemiak euskalduntze prozesuan eragina izan duela salatu ondoren. «Manifestu hau sinatzen dugun elkarteok eta eragile sozialok iniziatiba ugari bertan behera utzi behar izan ditugu, eta beraz, euskarari egiten genion ekarpena asko murriztu da. Egoera hau ikusita, deseskalatzearekin batera, argi dugu galdutako eremu hori berreskuratzen hastea lehentasunezkoa dela eta horretarako elkarlana ezinbestekoa izango dela», esan dute. 

Sinatzaileen artean hamarnaka elkarte daude, haien artean Euskharan, Zazpigarren Alaba, Betiko Gasteiz, Judimendikoak, Gasteiz Txiki, Arabako Bertsozale Elkartea, Gasteizko Ikasle Abertzaleak, Gasteizko Bilgune Feminista, Errota Zaharra, Uribe Nogales, Elkartzen, Erreka Txiki, Bost Urki, Hegoaldekoak, Zabalgana Euskara Taldea, Odon de Apraiz Ikastola, Arantzabela Ikastola, Errekaleor Bizirik, Aranbizkarrako Gazte Asanblada, Gasteizko Askapena, Umandi Ikastola, Barrutia Ikastola, Hegoalde Euskaltegia eta Gasteiz Kantuz.