NAIZ

Euskal kostaldeko lau lekuk jaso dute Ekologistak Martxanen bandera beltza

Santa Klara uharteko obrek, Pasai Donibaneren saneamendu ezak, Gaztelugatxe Donieneko aparkalekuak eta Plentziako pantalanak jaso dituzte Ekologistak Martxanek urtero kutsadura eta gestio txarra salatzeko banatzen dituen bandera beltzak.

Gaztelugatxe. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU).
Gaztelugatxe. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU).

Ekologistak Martxan taldeak ‘Bandera Beltzak 2020’ txostena aurkeztu du gaur, zeinetan kutsaduragatik eta kudeaketa txarragatik bandera beltzak ematen dizkie kostaldeko hainbat lekuei.

Aurten, Bizkaian, Gaztelugatxeko Donieneko aparkalekua handitzeko proiektuari –gaur egun gelditua– eta Plentziako pantalanari –atzeratuta– egokitu zaie Bandera Beltza. Gipuzkoan, berriz, Pasai Donibanek saneamendua ez edukitzeari eta Donostiako Santa Klara uhartea erakarpen turistiko bihurtzeko asmoari eman diote.

Gaztelugatxeko aparkalekua

Talde ekologistak dioenez Gaztelugatxe Donieneri Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lakuako Gobernuaren aparkalekua handitzeko ideiagatik egokitu zaio. Proiektu hori «ikuspegi laburreko publizitate-kanpaina baten barruan» kokatzen dela dio, «‘Game of Thrones’ telesailak paisaia idiliko horretako bisitarien gorakadaren ondoren».

Proiektua txostena aurkeztu baino egun batzuk lehenago geldiarazi zuten arren, Ekologistak Martxan taldeak bandera beltza «salaketaren adibide gisa» mantentzea erabaki du.

Plentziako pantalana

Plentziaren kasuan, pantalana handitzea kritikatu dute, «egiturazko gabezia asko» dituen proiektua delako, eta «Eusko Jaurlaritzak itsasoan zein lehorrean egindako bide garatzailean kokatzen delako, kostaldeko aparkalekuak eta kirol-portuak zabalduta».

Ekologistak Martxan taldeak Plentziari kutsaduragatik bandera beltza eman dion arren, «kudeaketa txarrekoa ere eraman lezake, handitze lanek, ondorengo erabilerak bezala, itsasadarraren ekosistemari kalte gehiago eragingo lioketelako».

Txostenaren arabera, proiektuaren xedea da «pasealekuan itsasadarra dragatzea, dikea egonkortzea eta 200 pantalan inguru jartzea, itsasadarraren 15.000 metro koadroko eta portuaren 10.000 metroko azalera hartuz». Lakuako Gobernuak proiektua atzeratu zuen abenduan.

Pasai Donibane

Pasai Donibaneren bandera beltza kutsaduragatik da. Ekologistek diotenez enklabe horretako saneamendua «ez dago eta ez da espero». «Kasu honetan, herriaren zati baten eta bere inguruaren saneamendua Pasaiako badiara doa zuzenean, inolako bilketa eta tratamendu prozesurik gabe», salatu du txostenak.

Donostiako Santa Klara uhartea

Donostiako Santa Klara uharteak ingurumenaren kudeaketa txarragatik eraman du bandera beltza. Ekologistak Martxan taldeak kritikatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalak itsasargiaren eraikinean –alderik gorenean– «hiriari erakarpen turistiko berri bat erantsiko dion eskultura» kokatzeko hartu duten erabakia.

Diotenez, horrek bisita kopurua handitzea ekarriko luke eta, aldi berean, «arriskuan jarriko lituzke bertan bizi diren espezieak eta Santa Klara irudikatzen duen ekosistema hauskorra». Hori dela eta, txostenak proiektua geldiaraztearen eta ingurua lehengoratzearen alde egiten du.