Asier AIESTARAN

Taldekako lehian eta telebista saio bilakatuz, emakumeen esku pilotak bide berriak urratu nahi ditu

Hamabi pilotarik hartuko dute parte Plazandreak-Laboral Kutxa Udako torneo berritzailean. Lau talde osatuko dituzte, bakoitza bere kapitainarekin, eta banaka zein binaka jokatuko dituzte partida motzak, hamabi tantora.

Parte hartuko duten zazpi pilotari Bilbon izan dira aurkezpen ekitaldian (EMC)
Parte hartuko duten zazpi pilotari Bilbon izan dira aurkezpen ekitaldian (EMC)

Emakumeen esku pilotak eremu berriak probatu nahi ditu eta, Binakako Master Cup txapelketako finalen ondoren, Plazandreak-Laboral Kutxa Udako torneoari ekingo zaio ostiral honetan 22.30etan. Taldeka jokatuko den proposamen berritzailea da, ETBren eskutik ostegun gauetako telebista saio bilakatuko dena.

Hamabi pilotarik hartuko dute parte lehian, lau taldetan banatuta, eta bakoitzak entrenatzaile edo kapitain bat izango du. Reyes Azkoitia izango du gidari Irantzu Etxebestek, Nora Mendizabalek eta Olatz Arrizabalagak osatutako taldeak; Iera Agirrek, Arrate Bergarak eta Amaia Aldaik osatutako taldearen prestatzailea Mikel Inuntziaga izango da; Andrea Aldaregia, Olatz Ruiz de Larramendi eta Naroa Agirre hirugarren taldean arituko dira Erlantz Garciaren esanetara; eta Naroa Elizalderen gidaritzapean jokatuko dute Ainhoa Ruiz de Infante, Maite Ruiz de Larramendi eta Leire Garaik.

Astero hiru partida jokatuko dituzte, pilota mistoa erabiliz eta hamabi tantotara: lehenengoa eskuz banaka lau eta erdian, ondoren binaka, eta, bukatzeko, eskuz banakako beste neurketa bat kaiolan. Ostegunero bi talde lehiatuko dira eta hiru puntu izango dira jokoan.

Denera bederatzi jardunaldi jokatuko dira, sei jaialdi lehen ligaxkari dagozkionak eta ondoren bi finalerdiak eta finala –hirugarren posturako lehia ere izango da–.

Ligaxkako partida guztiak telebista plato bihurtuko den Irungo Uranzu pilotalekuan jokatuko dira, publikorik gabe, eta finalerdi eta finalaren egoitzak aurrerago erabakiko dira, Covid-19aren pandemiaren garapenaren arabera.