NAIZ

Astebeteko greba deitu du ELAk Ambuiberican, Lan Ikuskaritzaren epaiak bete ditzala exijitzeko

ELAk astebeteko greba deitu du Ambuiberica enpresan, uztailaren 20tik 27ra, lan osasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko epaiak bete ditzala exijitzeko.

ELAk Ambuiberican dituen ordezkariak, greba deialdia erregistratzen Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)
ELAk Ambuiberican dituen ordezkariak, greba deialdia erregistratzen Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

ELAk ohar batean azaldu duenez, Lan Ikuskaritzak «behin eta berriz» abiatu ditu txostenak Ambuibericaren aurka lan osasuna eta arriskuen prebentzioaren inguruan, eta langileen aldeko ebazpenak plazaratu ditu.

Ambuibericak 904 langile ditu EAEn, sektoreko langile guztien %65a. Duela zenbait urte lanean hasi zenetik Lan Ikuskaritzaren, Osasun sailean eta auzitegietan salatua izan da lan arriskuen prebentzioan arauak «behin eta berriz» hausteagatik, eta bereziki pandemia garaian.

«Langileek salaketa ugari jarri behar izan dute EPIrik ematen ez zitzaielako eta legeak behartutako neurriak ez zirelako betetzen. Lan Ikuskaritzak egitate horien inguruan behin eta berriz abiatu ditu txostenak eta eman ditu ebazpenak», nabarmendu du ELAk.

Sindikatuaren arabera, «ikusirik arau hausteek etenik ez zutela eta pandemian egoera okertu egin zela», ELAk salaketak jarri ditu lan arloko auzibidean. «Demanda horiek aintzat hartu dituzte epaileek, hala lan arloan nola EAEko Goi Auzitegian», ziurtatu du.

ELAk dioenez, epaietan esaten da Ambuibericak lantaldearen oinarrizko eskubideak urratzen dituela, haren osotasun fisikoaren kaltetan, eta «enpresari exijitzen zaio lan osasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko betebeharrak berehala aintzat hartzeko». Hala ere, «enpresak oraindik ez du bete epaietan agindu zaiona».

Hori guztia Lakuako Osasun Sailari jakinarazi dio ELAk, «kontratatzaile nagusia izanik kontratu publikoa betearazteko ardura nagusia berari baitagokio, baita arriskuen prebentzioari dagokionez ere». Baina «oraingoz Osasun Sailak ez dio enpresari konturik eskatu, ez eta epai judizialak betetzeko ere», salatu du.

ELAk azaldu duenez, pandemia garaian Ambuibericako 178 langile (%20) bajan egon dira, kutsatu direlako, bakartzea ezarri zaielako eta kasu askotan zeuzkaten lan kargaren ondorioz gertatu diren lesioak medio (lana gehitu ahala behargin gutxiago zegoen). «Hori ez da salbuespen bat, ez eta enpresa bakar batean gertatu den zerbait ere. Aitzitik, horrenbesteko garrantzia duen sektore honetan endemikoa da, aspaldidanik. Hori gertatzen baita eremu batzuk merkaturatu eta etekin pribatua gailentzen zaionean herritarron ongizate eta osasunari».

Horregatik guztiagatik, uztailaren 20tik 27ra greba deitu du sindikatuak.